GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Elkartasunez Tuor

Mintzo ezberdinen mugak gaindituz, bertsoak kulturen arteko zubi bilakatuta

Arabiera eta euskara erabiliz elkar ulertzea posible ote den zalantzan jartzen duenik balego, Elkartasunez Tourreko bertso saio batera joatea nahikoa du zalantzak argitzeko. Hitzez eta doinuz Palestinako eta Euskal Herriko kulturen arteko zubia eraiki zuten ostegun gauean Gasteizen; eta Askapenak antolatutako birak dirauen bitartean, zubiak tinko iraungo du. Bi lurralde okupatuen arteko harremanak indartzeaz gain, giro onean burututako saio dibertigarria eskaini zuten artista palestinar eta euskaldunek.

p047_f01.jpg

Itziar AMESTOY I

Bi hizkuntza, inprobisazioan aritzeko bi modu, abesteko bi era, bi kultura elkartu ziren Gasteizen ostegun gauean egindako bertso saioan. Palestina eta Euskal Herriko kulturen arteko harremanak sustatzea da Elkartasunez Tourreko xedea eta Parral tabernan burutu zen bertso saioari so eginda, helburua bete dela esan daiteke. Hala ere, ostegun gaueko ekitaldiak ez zuen bide erraza izan. Izan ere, azken orduko leku aldaketa bati aurre egin behar izan zioten antolatzaileek eta aurreikusita zegon moduan Florida kultur etxean egin ordez, Parral tabernara mugitu behar izan zuten ekitaldia, horrek suposatzen duen lan guztiarekin. Leku aldetik jendea hartzeko gaitasuna asko murriztu zen, eta, ondorioz, bete-beteta egon zen Alde Zaharreko taberna saio osoan zehar. Asko izan ziren, gainera, sartzeko aukerarik gabe geratu zirenak.

Hori bai, arazoak arazo, barruan egoteko aukera izan zutenek gozatzeko egokiera izan zuten. Bitxia izan zen topaketa, benetan dibertigarria. Alde batetik, Euskal Herriko ordezkari bezala, Uxue Alberdi eta Jon Maia egon ziren Gasteizko hitzorduan. Palestinatik, aldiz, Ahmad Nanmanah Muhammad Zoabi eta Wael Ayoub izan ziren. Anuar itzultzailea eta Manex Agirre bertsolaria, berriz, palestinarren eta euskaldunen arteko komunikazioa ahalbidetzen aritu ziren.

Agurretatik bertatik ikusi zen topaketan bi estilo erabat ezberdinek bat egingo zutela, guztiek inprobisazioa hartu arren bidelagun. Euskaldunak eta palestinarrak elkarri zirika aritu ziren, eta batzuk serio plantak izan arren barreak eragiteko gaitasuna erakutsi zuten bitartean, besteek aspergarriak zirela entzun behar izan zuten. Palestinako hiru artistak, gizon helduak, dotore-dotore agertu ziren taulara eta gau guztian ez zioten panderoa jotzeari utzi. Doinu alaiak eskaini zituzten, oihuekin tartekatuz betiere. Euskaldunek, berriz, palestinarrek baino itxura serioagoa izan arren, seriotasunak alde batera utzi zituzten kantuan hastean.

Baina, estilo ezberdintasunez gain, hizkuntzaren muga ere gainditu behar zen saioak aurrera egin zezan. Eta horretarako funtsezkoa izan zen itzultzaileen lana, txalotu beharrekoa. Anuarrek Manexi arabieratik gaztelerarako itzulpena egin ondoren, Aramaiokoak esandakoa helarazten zien mikrofono aurrean bildutakoei, askotan barre algara artean. Ez zen gutxiagorako Ahmad mediku bezala hartu ostean Uxuek jasotako ezkontza proposamenak entzunda edota Jonek Egañaren antza zuen palestinar bat bilatzeko egindako ahaleginak ikusita.

Ikusleei ondo pasarazteaz gain, pozik amaitu zuten saioa parte hartzaileek. Ekitaldiaren irakurketa egiterakoan, bat egin zuten inprobisazioaren abantailak aipatzean. Maiak nabarmendu zuenez, bat-batean aritzeak «beste arte esparru batzuk» ematen ez dituzten aukerak ditu, unera egokitu eta elkarren arteko harremana sortzeko aukera kasu. Uxuek ere, bertsoa, helburu baino, «bidea» dela esan zuen. Ahmadek beste kontu batean jarri zuen arreta; bere ustez, inprobisazioak okupazioa bizi duten lurraldeetan du indarra. «Ez da kasualitatea Madrilen horrelakorik ez egotea», esan zuen. Horrez gain, munduan zeharreko bertsolariak biltzeko antolatzen ari den topaketa batzuen berri eman zuen, oraindik datarik ez dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo