«Egungo euskal nobela eta zinema»ren arteko lotura aztertu du Jon Kortazarren taldeak
A. BILBAO |
Euskal Herriko Unibertsitateak «Egungo euskal nobela eta zinema» liburua plazaratu du, egungo euskal literaturaren historia egitea xede duen egitasmoaren hirugarren lagina, aurretik eleberri eta poesiaren historia aztertzen duen emaitza bana dituena.
Azterketa honetan, parez pare jartzen dira euskal literatur sorkuntza eta egokitzapen zinematografikoak, betiere literatur kritikaren ikuspegitik, «azken bi hamarkadetan harreman estu eta ugaria izan baita euskal literatura eta zinemaren artean», Ibon Egaña irakaslearen iritziz.
Lana Jon Kortazarrek zuzendutako ikerlari taldeak garatu du. Hasteko, Kortazarrek azterketa teorikoa egin du, eta ondoren, hamar egokitzapen praktiko egin dituzte, Ur Apalategi («Obabakoak»), Miren Billelabeitia («110. street-eko geltokia» eta «Kutsidazu bidea, Ixabel» Kortazarrekin), Harkaitz Cano («SPrako tranbia»), Ibon Egaña («Zeru horiek»), Angel Erro («Hamaseigarrenean, aidanez»), Alvaro Rabelli («Kareletik»), Iratxe Retolaza («Zergatik panpox?») eta Kortazar berak («100 Metro»). Bukatzeko, Francisco Javier Rojo Cobos irakasleak «Nobela eta gidoia» azterketa egin du, «Blade Runner» ardatz hartuta.
Ezohiko lan honetan aztertutako nobelen egokitzapenak bi sail nagusitan bana daitezke. Batetik, 80ko hamarkadan telebistarako egindako hiru film eta «Kareletik» aurkitzen dira, eta, bestetik, hurrengo hamarkadan jorratutakoak, tartean Espainiako Narratiba Sari Nazionala jaso eta irakurleen artean arrakasta itzela izan zuten Atxagaren «Obabakoak» eta Elorriagaren «SPrako tranbia». Eta bi sailen artean, rara avis gisa, «110. street-eko geltokia» abiapuntu duen «Menos que 0» lana. Azterketatik kanpo gelditu da, berriz, Anjel Lertxundiren «Zorion perfektua», film egokitzapena pantailaratu berria baita.