GARA > Idatzia > Kultura

Kangchenjungaren magaleko ibaian murgilduta grabatuko da «Tamur» dokumentala

Txus Ruiz de Erentxun eta Bideografik Ekoizpenak gidatutako proiektu honek trekking eta rafting bidez Tamur ibaiaren jaitsiera grabatzea du helburu, baita Nepalgo gizartea eta bertako kultura islatzea ere.

p050_f01_96x96.jpg

Ane ARRUTI |

«Planetako lekurik ederrenetan egindako abentura ez da abentura hutsa; askoz ere gehiago da», dio proiektuaren azalpen testuak eta horretarako asmoa erakutsi zuten atzo Txus Ruiz de Erentxun durangarrak eta Bideografik Ekoizpenakeko kideek Plateruenan egindako aurkezpenean. Datorren ostegunean, azaroaren 5ean, abiatuko da hamalau laguneko espedizioa Nepal aldera, 22 egunetan «Tamur, Kangchenjungako harribitxia» dokumentala grabatzera. Bertan, Big Rissi gidariarekin elkartuko dira eta bera izango da Tamur ibaiaren sekretuez gain, bertako jendea ezagutzen lagunduko diena.

Tamur ibaiaren jaitsieraren abentura sentitzea eta gozatzea, Nepal moduko herrialde bateko naturaren edertasuna erakustea, herri nepaldarraren idiosinkrasia definitzea eta bertako gizartearen errealitatea gerturatzea eta ulergarri egitea dira proiektuaren helburu nagusiak. «Himalaya beti mendian gora, oinez ikusi izan dugu», azaldu zuen Ruiz de Erentxunek. «Bertakoentzat ibaia da bidea, bizitza, eta guk ibaia erabiliko dugu mugitzeko». Tamur jaisten doazen neurrian, «munduko mendi ingurunerik ederrenak eta ikusgarrienak» izango dituzte dekoratu moduan. «Bada puntu bat Everest, Makalu eta Kangchenjunga, hiruak batera ikusten direna».

Ruiz de Erentxunek sei urte daramatza Nepalen ur lasterretako jaitsierak egiten. Lehendik ere grabatu izan ditu zenbait dokumental; «Al filo de lo imposible» taldekoekin, esaterako. «Orain arte kamera bakarrarekin grabatu izan dugu, baina oraingoan hiru erabiliko ditugu eta guretzako ere errazagoa izango da», azaldu zuen.

25.000 euroko aurrekontua duen proiektua autofinantzatua izango da oraingoz, baina laguntzaren bat lortu asmoz hariak mugitzen ari direla adierazi zuten. Azaroaren 27an bueltatuko diren arren, «edizioa luze joango da; material mordoa izango dugu eta ez dugu presaka ibili nahi, lan on bat egin nahi dugu», azaldu zuten Bideografikeko kideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo