GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Imanol Gonzalez Sagues Mendigoiti IPko klaustroaren izenean

Kalitatezko hezkuntza?

Idatzi honen bidez, Mendigoiti IPko klaustrokideok, hezkuntzako profesional moduan, Pedagogia Terapeutikoko irakasle baten murrizketa dela-eta gure desadostasuna eta gaitzespena irmo plazaratu nahi dugu. Gertaerak honakoak dira:

Joan den ikasturte amaieran, eskolak hezkuntza-behar bereziko kasuak zehazki eta sakon aztertu ondoren, egungo ikasturterako hezkuntza berezirako irakasle bat onartu zen. Ostera, hezkuntza-behar berezi sakonak zituen haur bat ikastetxean matrikulatzearekin batera, 7 ordutarako beste irakasle baten presentzia onartu zelarik.

Ikasturteari hasiera eman eta lana behar bezala antolatu zen. Laguntza saioak antolaturik zeuden. Geneuzkan baliabide urriak ahalik eta era funtzionalenean antolatu genituen eta lanari ekin genion. Horretarako aurrez egin beharreko lanketa zabala izan delarik, besteak beste: ikasleak zein irakasleak elkar ezagutu, elkarlanerako konpromisoa lortu, metodologia zehaztu, tutoreekin helburuak adostu, gurasoen inplikazioa lortu...

Urriaren 22an Nafarroako Gobernuko Hezkuntza arduradunaren dei bat jaso genuen, non irakasle baten murrizketaren berri eman ziguten, eta gelditu zitzaizkigun baliabideak berrantolatzeko gonbita egin ziguten.

Egindako murrizketak arrazoitzeke daude, irakaslea izendatu zigutenean eta egun ditugun beharrak berberak baitira. Zein da erabili duten irizpidea? Urrian nahitaezkotzat jotakoa, zer dela-eta da orain baztergarria? Eman diguten erantzuna beste ikastetxe bateko beharren araberakoa da, bertan hezkuntza-behar berezi eta zehatzak pairatzen dituen ikasle bat omen dago. Ez dugu inondik inora zalantzan jartzen hala denik, baina ez da bidezkoa ikastetxe bateko beharrak asetzeko beste nonbaitekoak alboratzea. Zein antolaketa dauka Nafarroako Gobernuak horrelako arazo baten aurrean erantzun egokiagorik bilatzen eta aurkitzen ez badu?

Era berean, ikastetxe publikoak pixkanaka jasaten ari garen giza baliabideen murrizketa salatu nahi dugu. Murrizketa hauek eragin zuzena daukate hezkuntza kalitatean; ikasleek jaso ditzaketen laguntza saioak, hain baliagarri diren bikoizketak... guztiz ezinezkoak dira.

Bestalde, ordezko irakasleak bidaltzeko gero eta zailtasun gehiago dago, gero eta beranduago esleitzen dituzte, kasu batzuetan murrizketak ez osatzeko erabakiak ere hartu dituzte. Ondorioz, geuk bete behar izaten ditugu Administrazioaren hutsuneak, berriro ere ikasleak izanik kaltetu nagusiak.

Amaitzeko, galdera hau egiten diogu geure buruari: benetan nahi al dugu kalitatezko hezkuntza bat ala hauteskunde kanpainako leloa da soilik?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo