Karzaik agintea hartuko du, iruzur egin zuela salatu zuten nazioarteko eragileen babesarekin
Demokrazia» egunetik egunera arraroagoa eta ulertezinagoa bihurtzen ari den terminoa da. Herritarrentzat, esan nahi da. Agintariek ez baitute arazorik demokrazia zer den jakiteko. Beraiek esaten dute-eta zer den eta zer ez den demokratikoa. Urrutira joan beharrik ez dago hau baieztatzeko, Europan adibide ugari ditugulako, baita etxean bertan ere. Baina Afganistanen gertatutakoak muga berri batzuk hautsi ditu, edonondik ikusita ere.
Hasiera batean hauteskundeak erabat zuzenak izan zirela esan zuten bertako eta kanpoko arduradunek. Orain arte lehendakari izandakoak, Hamid Karzaik, alde handiz irabazi zituen eta ondorioz bera izango zen aurrerantzean ere lehendakari bigarren itzulirik gabe. Laster hasi ziren, ordea, iruzur salaketak. Baita hauek baieztatu ere. Hartara, bigarren itzulia egin behar zen. Abdullah oposizioko buruak, ordea, hauteskunde garbiak egiteko aukerarik ez dagoela salatu ondoren ez duela parte hartuko erabaki du. Ondorioz, Karzai izendatuko dute lehendakari.
Beste behin ere, zuzenbide estatua eta demokrazia ez direla gauza bera baieztatzen du honek. Arazoa ez baita legala, baizik eta politiko eta morala. Karzairen zilegitasun eza dela arazoa, alegia.