Itxaropenez beteriko azken agurra eman diote Luis Nuñezi bere bidelagunek
Memoriak idazteko betarik gabe joan den arren, makina bat oroitzapen bildu ziren atzo Luis Nuñezen azken agurrean. Donostiako beilatokia txiki geratu zen, eta bere emaria laburbildu ezina dela argi azaldu.
Oihana LLORENTE
Euskal Herriak pairatzen duen okupazio militar espainolaren amaieraren atarian eta nazio honen hedapenaren sasoian aurkitu du heriotza Luis Nuñezek. Hala uste zuen berak, izan ere, horixe izan da azken hatsa eman aurretik utzitako emaria. Miguel Castells abokatuak atzo azaldu zuenez, bihozmin batekin joan da Nuñez, bere memoriak idazteko aukerarik gabe hil baita, baina oroitzapen guztiak bildu ez baditu ere, bere azken ahalegina Euskal Herriak bizi duen egoera politikoaren gaineko irakurketa egiten eman du.
Donostiako Beilatokira hurbildutako lagun eta senide andanak izan zuen azken ekarpen honen zertzeladak jasotzeko aldartea, baita Luis Nuñez berak nahiko zuen gisara agurtzeko aukera ere.
Arratsaldeko lehen orduan izan zen ekitaldia, txiki gelditu zen beilatokiko areto nagusian. Eta bertan, Nuñezen ibilbide emankorrean bidelagun izandako hamaika aurpegi ezagun aurki zitezkeen, hala nola: «Egin» egunkariko langileak -erredaktore buru izan zen bertan- edota Luis Jimenez Aberasturi, Felix Soto, Anjel Rekalde, Antxon Ezeiza eta Miguel Garai.
Nuñezen alaba Patricia izan zen hitza hartzen lehena, eta aitaren gorpua ondoan zuela, umetako pasarteak ekarri zituen gogora. Sukaldean zuten arbelean Burgosko prozesuari buruzko gorabeherak panpin txuri eta gorriak erabiliz azaltzen zizkiola azaldu zuen, eta despistatu ez zedin, «gorriak beti dira onak» esaten ziola gogoratu zuen alabak entzuleengan zirrara eta irribarrea eraginez.
Hamarkada luzeetan ondoan izan duen Miguel Castells abokatuak jarraitu zuen, eta galdu berri duen lagunaren emaria azaldu zuen. Beste ezeren gainetik «pertsona zintzoa» zela nabarmendu zuen; eta gaineratu zuen zintzotasun horrek Nuñez koherentziara eta konpromisora eraman zuela. «Bizitza osoan mantendu duen koherentzia eta konpromisoa», nabarmendu zuen.
Atxilotu eta torturatua izan zen garaia ekarri zuen gogora, Parisen erbesteratuta bizi izandakoa, eta aberrira bueltatzean «Egin» egunkarian emandako uzta luzea ere. Txalapartako editore Jose Mari Esparzak eta Iñaki Egaña historialariak ere hartu zuten hitza ondoren, Luis Nuñezek bere bizitzan zehar Euskal Herriari egindako ekarpena laburbiltzeko ahaleginetan.
Bere aberria berak nahi zuen bezala ikusterik izan ez arren, bere emazte, alaba eta ilobak ikusiko duten konbentzimenduarekin hil zen Luis Nuñez, eta desio hori buruan zutela esan zioten agur bertaratutakoek, Nuñezek horren gustuko zuen Mikel Laboaren «Txoriak txori» abestia goxotasunez kantatuz.
Azaroaren 1ean eta eguerdiko ordu batean hiltzeaz gainera, 1 zenbakia daraman aretoa egokitu zaio haren gorpuari. Kointzidentzia hori guztia kausalitatea denik ez du uste anaiak; Luis Nuñez beti lehena izan dela frogatzen du.