Kronika | Uraren autobusa
Ura goitik behera, Baionako erakusketa ibiltarian
Lurpeko urak, hezeguneak, errekak, kostaldea... Uraren ingurukoak goitik behera ezagutzeko aukera dago Baionan bihar arteko geldialdia egin duen erakusketa ibiltarian. Itsasbazterreko bideari jarraituta, ostegunetik larunbatera Angelun izango da ikusgai. Arrakasta ederra izan du «uraren autobusak», badarama urte eta erdi Aturri eta Garonako arroetan zehar, aurreikuspenak gaindituta.
Idoia ERASO
Informazio asko eta oso toki txikian; edukietan oparoa da erakusketa. Ura eta kutsadura ditu ardatz nagusiak: kutsadura motak, nola identifikatu, bakoitza non azaltzen den, zer egin ura ez kutsatzeko. Herritarrei uraren gaineko ikuspegi orokor bat eskura jartzea izan da Aturri eta Garona arroetako ur agentziaren ekimenaren xedea.
Kutsaduraren adierazle biologikoen berri ere ematen dute bertan. Esaterako, trikopteroak edo plekopteroak uretan hazten diren intsektuak dira; hortaz, horiek aurkituz gero, ur garbia dela jakitea badago, intsektuok ez baitute kutsadurarik jasaten. Uraren koloreaz, ordea, fidatzerik ez dagoela azaltzen dute: ur gardena produktu kimikoez kutsatuta egotea gerta daiteke; eta gardena ez dena, berriz, soilik gai biologikoez zikinduta egotea. Lurpeko ur-emariari eragiten dioten kutsadura motak, eta horien ondorioak azaltzen dituen panel bat ere badago.
Ikusleak hein handi batean harrituta geratzen dira uraren kontsumoaren inguruko datuekin, arduradunak nabarmendu zuenez. Izan ere, hedabideek behin baino gehiagotan ematen dute halakoen berri, baina zenbait datu, beren gordintasunean hartuta, harritzekoak baino, beldurtzekoak dira. Esaterako, 13.500 litro ur behar dira haragi gorri kilogramo bat hazteko; bost minutuko dutxa batean 70 litro ur erabiltzen dira.
Harrera ona
«Erakusketari buruzko iritzi txarrik ez dugu jaso orain artekoan», azaldu zuen arduradunak. Bisitariek beren iritzia emanez betetako orrietan sumatzen da gehienek oso begiko izan dutela erakusketa. Eskasia batzuk ere antzeman dituzte batzuek. «Marrazoak egotea gustatuko litzaidake» jartzen zuen iritzi orri horietako batean, idazkera trebatu gabean.
Haurrentzako bereziki prestatua ez den egitasmoan, horrelako «hutsuneak» aurki daitezke. Izan ere, esan beharra dago, gehienbat helduentzako informazioa dagoela, gaztetxoentzat zenbait joko ere badagoen arren, urarekin lotura duten produktuekin edota ur mota ezberdinekin, usaimen eta dastamen saioak egiteko.
Beste hobekuntza proposamen batzuk harago doaz, eta uraren kutsaduraren eragile nagusietakoa den nekazaritza intentsiboari buruzko informazioaren hutsunea nabaritu dute batzuek. Animaliei buruzko informazio gehiago ez egotea ere aipatu du zenbaitek.
Bestalde, ur agentziak berak antolatutako erakusketa dela nabaritzen da. Esaterako, erakundeek ur inguruetan egiten dituzten lanen ondorioz arrainei eta bestelako animaliei eragindako kalteak konpontzeko jartzen dituzten neurrien berri ematen duen atal bat dago.
Hala, ibai eta erreka inguruak moldatuz garai batean egindako lanek (etxeak, lantegiak, bideak eraikitzeko) hainbat espezieren galera ekarri zuela gogoan hartuta, gaur egun halakorik ez gertatzeko erabiltzen dituzten bitartekoak azaltzen dira.
Era berean, mendeetan zehar hezeguneetan egindako «egokitzapenak» gaur egun ez direla egiten nabarmentzen dute, «inguru horiek naturarentzat duten garrantziaz ohartuta».