GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Itsasoaren harresiak

Negu antzeko udazkena heldua da, San Simon eta San Judas igarleek internet ezagutu gabe igarri legez. Eta udazkeneko lehenengo euri-jasekin batera negoziazioaren ziklo berria ere da heldua. Somaliara heldu ere, jakina! Lehorreko Somaliaren kanpoko uretan den gatazkari begirako negoziazioa heldu. Eta hemengo legezko den-denak negoziazio zale ageri dira, nor baino nor. Somaliako uretan negoziatzearen aldeko ageri beti ere; hain da urrun Somalia hori, Kamerun baino urrunago, ezen hemengo askoren mapa murritzean ageri ere ez den egiten! Kontuak atera burtsako indizeetan! Indiako ozeanoan izanda ere! Norekin eta piratekin negoziatu ere! Ama, ama! Ez dago hau ulertuko duen kristaurik, eta egotekotan ez da kristaua, seguru. Beste gauza da itsasoan negoziatuak eraginik izango ote duen itsasoaren kanpoko lehorreko Somalian. Hau kolpea! hango itsasoa arrainetan aberatsa eta hango lehorrean, Somalia izan edo Etiopia izan, goseak gorpu utzitakoen atsa. Orain arteko inoizko Nobel saridunak azaldu ez duen misterioa. Amen. Beharbada horrexegatik dira sarituak. Eta bitartean, Somalia hartatik urrun, Kantaurialdeko Herri honetan, kostakoa izanda ere, inguruko itsasoan eskumenik izan gabe ere, negoziazioak itxaron beharko du, tartean presoak izan badira ere. Negazioa nagusi. Nonbait, hemengo itsasoa arrainetan eskasa eta hemengo lehorrean gosea ezagutu ez izanak ez du laguntzen negoziazioa abiatzea. Are gutxiago inguru honetako piraten mapan ageri ez izana.

Eta piratez nagoela burura etorri zait San Garfio haren heriotza, potroak arraskatzera joan eta eskuaz okertu zenekoa. Goian bego! Eta misterioez nagoela Vatikanoa etorri zait burura, Strasbourgeko zer horrek ikastetxe bateko ikasgeletatik gurutzea kentzeko epaia italiaratu zuenekoa. Amen. Munduko basoek eskertuko duten epaia da hori, plastikozko gurutzerik ez zen eta! Gurutze Gorriak ere, seguruenik, logika hutsez. Hurrengo epaia ikasgeletatik sotanak ateratzea beharko. Eta berriro burua bueltaka: apaizei sotana diegu kenduko, itsasontzi piraten bandera egiteko ... Ostia! Berriro Somalian! Tira, harira ez, harrira! Orain 20 urte eraitsi zuten Berlingo harresia, azken egunotan maiz entzuna. Esan ez dutena da denbora berean zenbat harresi eraiki duten, mugiezinen burbuilaren pandemiagatik seguruenik, Palestinan, Mexiko-Texas mugaldean, Euskal Herriko Lizartza edo Ondarroan, Espainiako Estremeran, itsasoan...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo