GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Inazio Agirre Arregi Ezker abertzaleko kidea

Euskararen ziklo berria

 

Euskal Herria kontzeptua curriculumetik kendu nahi dute PP-PSOEk historia desitxuratzeko. Euskal Herria nazio bat dela eta Nafarroako Estatua izan garela ezkutatzeko; indarkeriaz konkistatu zutela ez dute irakatsi nahi, Euskal Herriak duen eskubidea denboraren oroimenean galdu dadin.

Euskara hezkuntzako hizkuntza izatea arautzen zuten dekretuak baliogabetuta, euskara eta gaztelania maila berean jarri nahi ditu Zelaak; baina ez «elebitasun orekatua» lortzeko, -hau da, hezkuntzan, administrazioan, komunikabideetan, lan munduan, kultur eskaintza eta abarretan, hizkuntz berdintasuna bermatzeko-, euskarak gaztelaniaren lekua har dezan galarazteko baizik; ez «doktrinatze abertzalea» saihesteko, mendetako nazionalismo espainiarra inposatzen jarraitzeko baizik. Argudio horiek aitzakia iraingarriak dira euskara orain baino okerrago uzteko eta erreparazio historikoaren bidea ez hartzeko.

Franco hil eta 34 urtera, hezkuntzak ez ditu ikasle guztiak euskalduntzen lurralde osoan eta, eskola publikoetan, euskaraz ikasteko aukera bera ukatu egiten du Nafarroa Garaiko hegoaldean, Nafarroa Beherean, Lapurdin eta Zuberoan. Euskalgintzaren 2004. urteko datuak erreferentzia bezala hartuz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 154.161 ikasle euskaldundu gabe utzi ditu eskolak. Eta Euskal Herri osoan, 268.354 ikaslek amaituko dituzte ikasketak euskaldundu gabe hurrengo 18 urteetan. Beraz, herritar erdaldunez gain, 3 ikasletik 2 ez da euskaldunduko datozen 18 urteetan. Belaunaldi berri guztien euskalduntasuna bermatu gabe, euskal hiztun komunitatea berrosatzea ezinezkoa da eta euskararen erabilera soziala ezin da era adierazgarrian hazi.

Berdintasunak egoera berdinak berdin tratatzea eta egoera ezberdinak ezberdin tratatzea eskatzen du. Belaunaldi berri guztiak espainiera jakin badakite, baina 3tik 2k euskararik ez. Berdintasunez jokatzeko, beraz, euskarak hizkuntza nagusia izan behar du hezkuntzan; bakarra izango ez bada ere lehentasuna izan behar du; baina hori da, hain zuzen ere, PSOEko gobernuak baliogabetu duena. Espainierazko komunitate egituratu batean 10etik 3 euskaldun elebidun direnean, euskara eta gaztelania maila berean jartzea euskara zanpatzea da eta Euskal Herri euskalduna berrosatzea eragoztea. Desberdintasuna oinarrian dagoenean, neutraltasuna indartsuenaren aldekoa baita.

Euskarak inguru itogarria bizi du, eta horregatik aldatu behar da, behar bezalako inguru osasungarria eraikitzeko. Menpeko hizkuntz politika horien babesik eta bultzadarik gorenak gutxieneko mugaren azpitik gelditzen dira, eta ez dute bermatzen euskararen hizkuntz komunitatearen iraunkortasuna. Garaia da hizkuntz eskubideen zapalketaren eta menpeko politiken amarruen aurrean oinarri juridiko unibertsalak aldarrikatzeko Euskal Herriarentzat.

Hizkuntzak, herriak eta pertsonak duintasun berdina dute; horregatik, euskarak, Euskal Herriak eta euskaldunak berdintasunez tratatuak izateko prozesu demokratikoa eskatzen dugu. Lehendabizi, Euskararen Herri osoan, euskaldunen lurraldetasuna duen hizkuntz eskubide pertsonala lortzeko, tarteko helburu taktiko bezala; ondoren, Euskal Herri Euskaldunaren azken helburu estrategikora iristeko.

Eskubide pertsonalaren bidez, euskal hiztunek Euskal Herri osoan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko euskal ingurua bermaturik izan behar dute, bizitza sozialaren alor guztietan, euskarazko harremanak eta komunikazioak garatzeko, erosotasun osoz eta eragozpenik gabe. Lurraldetasun printzipioa, berriz, bitarteko juridikoa da munduko herritarren hizkuntza ezberdinak beren lurraldeetan babesteko eta hizkuntz eskubideen urraketa gainditzeko. Geure kasuan, Euskal Herri euskalduna berrosatzeko eta dagokion garapen iraunkorra bermatzeko.

Iritsi da ordua herri harresia eraikitzeko, sektore sozial zabalenak biltzeko eta mobilizatzeko; gaur egungo menpeko hizkuntz politikak salatu eta, askatasunezko eta berdintasunezko irtenbidea aldarrikatzeko; PP-PSOEk dituzten egitasmoak baldintzatzeko; hizkuntz politikaren aldaketa eta eredu soziolinguistiko berria lortzeko; Espainia eta Frantziako Estatuen esku-sartze bidegabeak arbuiatzeko eta inposaturiko hizkuntz gatazka gainditzeko; Euskal Herri Euskaldunaren iraunkortasuna bermatuko duen ingurune politiko, juridiko, sozial eta ekonomikoa eraikitzeko. Independentziaren bilguneak orain arteko menpeko hizkuntz politiken zikloa itxi eta Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko ziklo berria ireki behar du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo