GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

BERRIA Iñaki Petxarroman 2009/11/4

Genero indarkeria

(...) Herenegun azken urteotan Euskal Herrian izandako kasurik sonatuenetakoaren epaiketa hasi zen Iruñean, Nagore Laffage irundarraren hiltzaile Diego Yllanesen aurka. Bada, epaiketaren hasieran epaile buruak, Francisco Goienak, esandakoak atentzioa ematen du. Adierazi zuenez, epaitzen hasi dena ez da genero indarkeria delitua, hilketa eta gorpu profanazio delitua baizik... «Eskatzen diet ardura politikoa dutenei ez dezatela informazio okerrik eman: ez gaude genero indarkeriaren kasu batean gaur-gaurkoz, behintzat ditugun legeekin. Eskatzen dut informazioak zorrotzak izateko».

Emakume baten sexu askatasunaren aurkako kasu bat epaitzen ari dira Iruñean. Emakume baten hilketa gupidagabea, sexu harreman bati ezetz esateagatik... Eta hori ez bada genero indarkeria, ez da genero indarkeriarik. Epaitegiko buruak ardura eskatzea ulergarria da, eta horregatik, ardura bera eskatu beharko lioke bere buruari, atzo egindako adierazpen horiek eragina izan dezaketelako zinpeko mahaia osatzen duten kideen artean.

Zergatik eta zertarako egin zituen adierazpen horiek epaiketaren hasieran? Segur aski, Nagore Laffageren kasua ez delako genero indarkeria delitu gisa jasotzen Espainiako Legean -Laffage eta hiltzailea ez zirelako bikotekideak-. Espainiako Legean dagoen hutsune hori epaiketaren hasieran aipatzeak, ordea, unearen egokia zalantzan jartzeaz gain, badu arrisku bat ere: indarkeria komunaren kasua bihur lezake Nagore Laffageren hilketa. Gertaeraren arrazoiak eta testuinguru soziala desitxura ditzake. Kasua desideologizatzen du, egilearen zigorra arintzeaz gain. Eta hori egitea bai da arduragabea, batez ere magistratu buruaren aldetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo