GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

DEIA Rikardo Arregi 2009/11/4

Atxilotuak

Ez dakit nork aukeratzen dituen polizi operazioen izenak, haratago baitoaz beti, oihartzun exotikoz beterik daude, amets egiteko aukera ematen dute, bidaia luzeak prestatzeko kemena. Operazio batzuen izenek atxilotua izateko gogoa ere piztu ahal dute. Gustatzen zaidan azkena «Pretoria» da: diamanteak hazi zaizkit buruan baina apartheid hura eta Mandela jauna, elefanteak eta kondairetan baino ez dagoen Afrika misteriotsua, Juanjo Olasagarrek Hegoafrikaz idatzi zuen liburua eta, irudimena gehiegi estutu gabe, baita Erroma zaharreko soldadu haiek ere. Ez dakit zergatik kexatzen diren batzuk atxilotuak telebistan agertu direlako eskuburdinak eta guzti. Kontsolamendu ederra dute izenarekin: Pretoria, Pretoria.

Beste eskandalu merkea sortu da atxilotuen irudiak telebistetan agertu direlako. Ez dira lehenak, aitzitik, bitxia da atxilotu gabeko teleberria: eskuburdinak, plastikozko poltsak, burua estalita ala ez, irribarrea ala hazpegi serioak, epaitegitik kartzelara, gauez edo egun argiz. Ados, ikusleak morbosoak gara (...) badirudi gaizkia irudikatzeko behar dugula norbaiten muturra ikusi. Nagore Laffage hil zuenaren aurpegia oraintsu arte ez dugu ikusi, eta aurpegi hori ez ikustea pretorianoen aurpegia ikustea bezain eztabaidatua izan da. Beste adibide bat: gaur ikusi dut egunkarietan lehen aldiz pirata adin dudazkoaren aurpegia; adin txikikoa ez denetik baimena dugu, antza.

Argi dago atxilotu guztiekin ez dela berdin jokatzen. Justiziaren aurrean denok berdinak garela ez du inork sinesten. Espetxeratu baten eta haren abokatuaren arteko elkarrizketak entzutea ondo dago, edo gaizki. Sumario sekretuak ez dira beti sekretuak, eta abar eta abar.

Pretorianoek ez zuten itxura txarrik telebistan: trajeak zimurdurarik gabe (zer den ehun onaren kalitatea), ondo orraztuak, batek izan ezik besteek gorbatak dotore loturik zeramatzaten. Nire atxilotze egunean zer jantziko dudan pentsatu behar dut lehenbailehen. Ez dut telebistan arlote agertu nahi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo