GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Gure lurraldeak bizirik irauteko, autonomia da aukera egokiena»

p020_f01_148x156.jpg

Battit AMESTOI
AUTONOMIA KOLEKTIBOKO KIDEA

Uztaritzeko hautetsi abertzalea ez ezik, Autonomia Kolektiboko kide ere bada. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarentzat, uneotan, estatus egokiena dela konbentziturik, aski gutxi ezagutzen den aukera hori hedatzeko lanean dabil. Azaroaren 14an, hain zuzen, mitina egingo dute Azkainen.

Arantxa MANTEROLA |

Autonomiaren aukera panorama politikoan txertatzen ari dela azaldu du Autonomia Kolektiboko kideak.

Lurraldeak juridikoki antolatzeko aspaldiko aukera da autonomiarena. Alta, Ipar Euskal Herrian kontzeptu hori nahiko berria da...

Egia esateko ez da berria. Kontzeptu hori jada Iparretarrak (IK) erakundearen garaian aski sakonki bultzatua izan zen. Zenbait herri-talde sortu ziren eztabaidatzeko eta autonomiaren inguruan hainbat lan egin zen. Gero, 1990ko hamarkada bukaeran, pragmatismoaren izenean, beste eskakizunak hartu zuen gaina, Ipar Euskal Herriarentzat instituzio berezi batenak eta Departamenduaren eskaeran taxutu zen. Horrela, emeki-emeki, autonomiaren aukera baztertu egin zen, ia ahazteraino.

Eta orain berritu egin da?

Orain hiru bat urte inguru kontzeptua berpiztu egin zen Autonomia Eraiki taldearen eskutik, Euskal Herriaren eraikuntzan tarteko aukera bezala berriro plazaratuz. Norbanakoek osatzen dute talde hori, asko EMA eta IKren ingurukoak izandakoak. Une bertsuan, Batasunak autonomiaren aldeko parioa egin zuen, eta horrela eztabaida politikoan sartu da kontzeptua. Ideia hori berrindartzen hasi zen eta duela urte eta erdi Autonomia Kolektiboa sortu da. AB, Batasuna eta EA alderdietako zenbait kide era pertsonalean, Autonomia Eraikiko beste batzuk eta independenteak elkartzen ditu Kolektiboak.

Autodeterminazioaren eskakizunarentzat ez al da atzerapauso bat?

Autonomia eskatzeak ez du zertan autodeterminazio eskubidea baztertu. Gure iritziz, autonomia Euskal Herriaren eraikuntzan lehen urratsa da, eta abertzale garen heinean, azken helburua herri bakarra osatzea da, jakina.

Zergatik da orain autonomiaz gogoeta egiteko une egokia?

Estatu frantsesaren egituraketa instituzionala moldatzeko erreforma prestatzen ari da, «Balladur» txostena oinarri hartuta. Heldu den urtean zehaztuko da guztia, 2014an abian jartzeko asmoarekin. Erreformak ondorio nabariak izango ditu Ipar Euskal Herriarentzat, batez ere Pariseko zentralismoa azkartuko duelako. Lurralde-egitura handiak -metropoliak eta makroerregioak- ezarriko dituzte eta horrek esan nahi du Ipar Euskal Herria Bordele buru izango lukeen baten baitan geratuko litzatekeela, arrunt itoa eta desagertua. Jada ditugun ahal eskasak ere gal genitzake. Bestalde, departamenduetako eta eskualdeko kontseilarien kopurua gutxitu egingo da (6.000tik 3.000ra murriztu nahi dituzte Estatu osoan) eta bi erakundeetarako kontseilari bakarra -lurraldekoa deitutakoa- izatea nahi dute. Horrek asko kezkatzen ditu lekuko hautetsiak eta eztabaida gori-gorian da. Esaterako, Lasserre jaunak, Hautetsien Kontseiluko buruak, «Balladur» batzordera jo zuen Ipar Euskal Herriak berezko ezagutza behar duela esanez.

Jean-Jacques Lasserrek hori esatea pentsaezina zen orain hilabete batzuk, ezta?

Bueno, ez ditugu bere motibazioak ongi ezagutzen. Beharbada bere postua galtzeko beldur da, baina kontua da, Ipar Euskal Herriak ezagupen ofiziala eta eskuduntzak behar dituela adierazi duela. Korsikako estatusa bezalako eredua ere aitzinatu du. Baina, jakina, ez da argi azaldu autonomiaren alde.

Alderdi abertzale guztiak ez dute gauza bera eskatzen. Batzuek autonomia, beste batzuek departamendua, ezer zehaztu gabe ezagutza instituzional edo juridikoa eskatzen duenik ere bada... Horrek ez du nahasmena sortzen jendartean?

Beharbada bai. Orain artean lan handia egin da Departamenduaren alde, Batera plataformak bultzatuta. Abertzale batzuk ere horretan aritu dira, eta lan azkarra egin dute, besteak beste, 32.000 izenpedura bildu ditu kontsulta bat eskatzeko, baina ez du lortu. Orain Departamendua desagertzera doala ikusten delarik, beraiek ere gogoeta egiten ari dira. Ez dira autonomiaren eskakizunera lerratu, baina eztabaida mahai gainean da.

Herritar batzuengan autonomiaren aukerak halako kezka edo beldurra sortzen du. Zergatik dela uste duzu?

Baliteke arrazoi bat baino gehiago izatea baina uste dut anitzek ez dutela oraindik gogoeta aski sakonik egin autonomiaren inguruan eta berehala pentsatzen dute horren atzean independentziaren aukera dagoela. Beste batzuei «gehiegizkoa» iruditzen zaie eta Departamendua nahikotzat jotzen dute. Une egokia ez dela pentsatzen duenik ere bada...

Estatu frantsesean ez da ia autonomiaren aukera planteatzen eztabaida politikoan, eta askori, beharbada, arrotza egiten zaio...

Arrazoi bat gehiago gure gizarteratze lanerako. Halere, hedatzen ari den kontzeptua da. Europar Batasunak berak komunitate gutxituentzat gomendatzen duen aukera da autonomiarena. Gainera, nahiz eta Estatu frantsesaren pean dauden urruneko uharteak izan, Martinika, Guyana eta Kanakian (Kaledonia Berria) estatus hori ezartzeko erreferendumak izango dira. Korsikak ere, autonomia formala ez izan arren, badu berezko parlamentua. Haatik, komunikabideetan eta eztabaida publikoan gutxi hitz egiten da autonomiaz, eta horregatik ere gure burua kudeatzeko eskaintzen dituen eskuduntzak eta ahalak ez dira ezagutzen.

Hain zuzen ere, zuen lan nagusia uneotan hedapena da...

Hala da. Agerpen publikoak, informazio kanpainak, eztabaida sustatzeko mahai-inguruak egiten ari gara. Azaroaren 14an, gainera, mitin handi bat egingo dugu Azkaineko pilotalekuan, 18.00etatik goiti. Hautetsiei, abertzale direnei eta ez direnei ere, eta herritarrei oro har irekia da. Gure lurraldeak bizirik irautea nahi dugu, eta Ipar Euskal Herriaren beharrak ase ahal izateko autonomiaren bidea egokiena dela plazaratzen joateko aukera paregabea izango da.

UNE APRoposa

«Estatu frantsesa bere egituraketa instituzionala moldatzera doa eta horrek ondorio nabariak izango ditu Ipar Euskal Herriarentzat ere. Horregatik da autonomiaz eztabaidatzeko une aproposa»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo