GARA > Idatzia > Euskal Herria

30 urteko elkarlana abiapuntu hartuta, indar berriturik ari da ehe

EHE hiru hamarkada luzez aritu da lanean herri euskalduna erdiestea xede hartuta, betiere bidean aurkitutako laino ilunei aurre eginez. Bizipen bitxi askorekin ere topo egin dute, eta ospakizun une honetan, eragile euskaltzaleak «indarberriturik» berrekin nahi dio ibilbideari.

p022_f01_140x096.jpg

Ostegunean 30 urte bete ziren «Euskararik gabe, Euskal Herririk ez» lelopean Euskal Herrian Euskaraz elkarteak bere burua ezagutzera eman zuenetik Durangoko Azokan. Azaroak lau zituen egun horretan, oraindik ere gaur egun eragile euskaltzalearen helburua dena plazaratu zuten: Euskal Herri euskalduna erdiestea. Helburua lortzeko izaera errebindikatzailea eta borrokatzailea izatea ere adostu zuten.

Irmo, gogotsu eta kementsu ekin zioten orain dela 30 urte bideari eta, emandako aurrerapausoak aztertzean, «eskolan euskara ezagutzeko eskubidearen aldeko borrokan aitzindari ibili izana» azpimarratu du EHEko kide historiko Gabi Basañezek. «Egindako lan txukunaren froga da duela hiruzpalau urte eskoletan euskaldunduak izateko eskubidearen alde bildutako 107.000 sinadurak», gogoratu du Basañezek. Elkarteko eleduna den Igone Lamarainek «eskubideen aldeko borroka» aipatzekoa dela deritzo, batik bat, «euskalgintzaren arloan eta hizkuntza eskubideen aferan lortu den kontzientzia maila ikusita. EHEk hasi zuen lan hori eta euskalgintzak barneratu egin du».

Egun eguzkitsuak zein ilunak izan dira ibilbide luzean, baina oztopoen gainetik aurrera ateratzeko gauza izan da beti euskalduntze prozesuaren alde lan egiten duen EHE. «Erdararen nagusitasuna bermatzen duten legeriak eta horiei men egiten dietenek jarri dizkigute oztopoak bidean», salatu du Basañezek. Izan ere, behin eta berriz, EHEk legearekin «talka» egin duela azaldu digute erakundeko bi kideek, «legeriatik sortzen baitira normalkuntzarako oztopoak».

Hogeita hamar urtean hamaika bizipen metatzen dira bizkarzorroan. Justiziak euskaldunen eskubideak urratzen dituela salatzeko EHEk egin zuen kanpaina baten hastapenak ekarri ditu gogora Basañazek. «Epaiketak euskara hutsez egitea eskatzen hasi ginen, eta, hala, behin eta berriro geldiarazten genituen epaiketak, arrazoi batengatik ez bazen, beste batengatik. Bista batean, ertzain talde batek deklaratu behar zuen, eta guk epaiketa geldiarazi genuen euskaraz deklaratzeko eskubidea aldarrikatuz. Azkenean, ertzainetako bat atera hurbildu eta eurek ingelesez deklaratzeko eskubidea eskatuko zutela esan zigun», oroitu du.

Igone Lamarainek ere bere ibilbideko oroitzapen bat kontatu digu. «Txikia nintzela, etxe ondoko iturri batean, `Agua no potable' jartzen zuen kartel bat zegoen. Gainean EHEren barraskiloa zuen marraztuta eta nik beti galdetzen nuen zer demontre esan nahi zuen», gogoratu du elkarteko kideak.

Hemendik aurrera, bi lan ildo nagusi

Hiru hamarkadako ibilbidea aztertzerakoan, EHEko kideen indarrarekin eta koherentziarekin geratzen da Gabi Basañez, izan ere, «horrek ematen dio elkarteari aurrera egiteko indarra eta gasolina». Igone Lamarainek, aldiz, bidean jasandako kolpeak eta erasoak ezabatuko lituzke: hala nola, «Egunkaria»ren itxiera, euskaltzaleen kontrako isunak eta epaiketak. Brometan, «ordu txikitan txosnatan egin beharreko txandak» ere ezabatuko lituzketela adierazi dute biek.

Hemendik aurrera, eragile euskaltzalearen dinamika asimilazioari aurre egitean eta Euskal Herria berreuskalduntzean kontzentratuko da; eta, horretarako, argi markatu dituzte bi lan ildo nagusi. «Batetik, zapalkuntzari aurre egitea, eta bestetik, euskaraz biziko den herrira eramango gaituen bidea eraikitzea», nabarmendu du Lamarainek. Horretarako, herriz herri dinamikak eraiki behar dituztela badakite, arlo askotara bideratutako dinamikak, gainera.

«Euskaraz bizitzeko orduan zein herriari begirako hizkuntza politikak garatzerakoan udalek duten garrantziaz jabetuta, hor kokatzen dugu gure ildo nagusietako bat», argitu digu Gabi Basañezek. Euskaraz bizitzeko guneak «sortzea eta babestea» EHEren ildoetako bat da, betiere elkarlanaren bidetik abiatuta. Bi euskaltzaleek bat egiten dute ofizialtasunaren inguruko dinamikak nabarmentzerakoan, baita hedabideetan, justizian, osasungintzan eta beste hainbat esparrutan ere euskalduntze dinamikak bultzatu beharra azpimarratzerakoan.

Hiru hamarkada luze igaro ostean, Euskal Herrian Euskarazek garbi du zein den bere bidea, baina, horrez gain, beste eragileak ere bide horretara batzea ezinbestekoa dela uste dute Basañezek eta Lamarinek. Hori dela eta, bai norbanakoei bai herri osoari batasun dei horrekin bat egiteko eskatu nahi diete hemendik bertatik ere.

Zuriñe ETXEBERRIA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo