GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Klima aldaketari buruzko foruma

«Neurriak hartu ezean, 2100. urtean Agadirreko klima izango da Baionan»

Munduak pairatzen duen larrialdi klimatikoaren aitzinean, abenduaren 12an, Kopenhagen, egingo den nazioarteko gailurra erabakigarria izango da ikerlari eta gobernuz kanpoko erakundeentzat. Ostiral gauean, Baionan, Bizi mugimenduak hainbat ikerlari eta elkarte bildu zituen auzia aztertzeko.

p024_f01.jpg

Ainize BUTRON

«Gaur egun Euskal Herrian daukagun klima duela urte batzuk Portugalen zegoenaren antzekoa da. 2100. urtean, deus egiten ez bada, bost graduko igoera izango du tenperaturak, eta, Baionan, Maroko hegoaldeko, hau da, Agadirreko, klima izango dugu». Horrela hitz egin zuen ostiralean Bizi mugimenduak aldaketa klimatikoari buruz antolatutako eztabaidan parte hartu zuen Jean-Stephane Devisse WWF Naturarentzako Mundu Funtseko adituak.

Azken hilabeteotan Bizi mugimenduak Kopenhagen abenduan iraganen den gailurrari buruz informatzeko abiatutako kanpainaren barnean egin da atzo eta ostiraleko Foruma. Lehen gaualdian, «Klima beroketa eta Kopenhageko gailurra» gaia jorratu zen, eta bertan, Herve Le Treut GIEC gobernu arteko klima bilakaerari buruzko ikerketa taldeko klimatologoa eta Amis de La Terre eta WWF nazioarteko elkarteetako kideak bildu ziren.

«Arazoa konpontzeko gaitasuna egon badago oraindik: klima aldaketaren erronka egun dugu parez pare», nabarmendu zuen Le Treutek Kopenhageko gailurrean hartuko diren erabakien garrantzia nabarmentzeko. Izan ere, abenduan Danimarkako hiriburuan iraganen den gailurrak amaiera emango dio azken urteotan burutu diren nazioarteko negoziazioei. Kyotoko Protokoloa 2011n amaituko dela-eta, ikerlariek aldaketa klimatikoa eteteko «abiadura handira» pasatzea beharrezkoa dela azpimarratzen dute. «Gas emisioak 2020. urterako %40 jaistea eta tenperatura orokorraren igoera bi gradutan mugatzea dira gaur egungo erronka nagusiak», azpimarratu zuen, bere aldetik, Jean-Stephane Devissek.

Klausula zorrotzak

1970. urtea geroztik, jendartearen aktibitatearen eraginez, beroketa eragiten duten gas emisioak etengabe igo direla erran zuen Le Treutek. «Karbono dioxidoak atmosferan duen eragina geroratu egiten da denboran. Gizakia Lurrean agertu zenetik 70eko hamarkada arte, klima egonkor bat zegoen; aldiz, gaur egun oreka hori hankaz gora jartzen ari gara. Horrela jarraitzen badugu, gas emisioen ondorioz tenperaturak sei gradu egin dezake gora 100 urte barru», esan zuen klimatologoak.

Horrenbestez, bi graduko gorakadaren atarian neurriak hartzearen garrantzia aipatu zuen Le Treutek. «Bi graduko igoeraren gainetik, aldaketa klimatikoa indartu egingo da. Egungo egoera aldatu ezean, 2050ean igoera hori gaindituko dugu. Ondoko 50 urteetan, aurreko 50 urteetan egindako konpontzeko moduan egon gaitezke oraindik», bukatu zuen.

Kyoton ez bezala, Kopenhageko gailurrean klima erronkari aurre egiteko konpromisoa nazioarteko herri guztiek hartzea beharrezkoa da. Kyotoko Protokoloak finkatutako helburuen eskasia nabarmendu eta neurriak «erradikalizatzeko beharra» mahai gainean jarri zuten hizlariek.

«Klima krisi honetatik ateratzeko guztien parte hartzea behar da, hau da, herri industrialekin batera, Hegoaldeko herrien inplikazioa ere behar da. Horretarako, nazioarteko elkartasuna finkatzea ezinbestekoa da. Kopenhagetik kaleratuko den tratatuak klausula zorrotzak finkatu behar ditu», esan zuten. Halere, gailurraren aurretik berriki Bartzelonan egindako bileran, «helburu orokorrak gauzaezinak» zirela agertu zuten hainbat herritako ordezkariek. Klima aldaketa oztopatzeko urrats eraginkorrak emateko 110 miliar euroko aurrekontua aurreikusten da, eta, horrenbestez, «herri aberatsen engaiamendua» ezinbestekotzat jotzen da.

Negoziazioen porrota

Urrats eraginkorrak emateko garaia iritsi bada ere, bai WWFko ordezkariek bai Amis de la Terre gobernuz kanpoko erakundeko kideek Kopenhageko gailurra porrota izango dela aurreratu zuten. «Bi urte daramatzagu lanean, baina ondoriorik gabe. Horrek mobilizatzera behartzen gaitu», esan zuen Cyrielle Den Hartigue Amis de la Terre elkarteko kideak.

Mobilizazioa, jadanik, abiatu dute hainbat elkartek. Bizi mugimenduak azken hilabeteotan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan egin dituen moduko ekintzak nonahi izan dira nazioartean. «Kontzientzia hartze handia ikusten da: mundu mailako mugimendu herrikoi handi baten aitzinean gaude», esan zuen Den Hartiguek. Abenduaren 12an izango den gailurraren aurretik mobilizazioek aurrera jarraituko dute, eta Kopenhagen bertan mundu guztiko elkarteak bilduko dira manifestaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo