GARA > Idatzia > Mundua

Libanoko batasun nazionaleko gobernuan sartuko da Hizbula

Datozen orduetan ofizialki emango dute ezagutzera Libanoko indar politikoek batasun nazionaleko gobernua osatzeko adostu duten ituna. Ostiral gauean hasitako lau orduko bileran ados jarri ziren oposiziokoak, ekainaren 7ko bozketetan hasitako ezegonkortasun aroa ixteko.
p027_f01_148x108.jpg

GARA |

Bost hilabete behar izan dituzte, baina azkenean Libanoko indar politikoek adostu dute hemendik aurrera egin beharrekoa. Saad Hariri lehen ministro izendatutako politikariak egindako eskaintza oposizioak onartzeko modukoa zen, batez ere Hizbula indar xiitak onartzeko modukoa, eta badirudi hemendik aurrera egonkortasuna itzul daitekeela herrialdera.

Datozen orduetan egin daitekeen iragarpenak amaiera jarriko dio egungo krisi politikoari. Begirale batek baino gehiagok idatzi du aipatu krisiak orain urte eta erdiko indarkeria giroa ekar zezakeela Libanora, baina badirudi arrisku hori zertxobait urrundu egin dela, oraingoz behintzat.

Saad Hariri AEBen eta Saudi Arabiaren laguntza duen politikariak lortu zuen garaipena orain bost hilabete egindako hauteskundeetan. Orain iritsi da Hizbula erresistentzia taldearen eta bere aliatuen oniritzia.

«Bileran esku hartu dugunok ados jarri gara batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko, negoziazioetan onartutako arauen arabera», irakur daiteke Hizbulak ostiral gauean bertan plazaratutako agirian.

Mugimenduko buruek egin zuten bileraren ondoren eman zuten ezagutzera agiria. Hassan Nasrallah Hizbulako burua ere bertan izan zen, Michel Aoun kristauarekin eta Nabih Berri Parlamentuko presidente xiitarekin batera. «Erabaki hau Libanoren eta bere herriaren onurarako izatea espero dugu», dio oposiziokoen testuak.

Saad Hariri lehen ministroak gobernu berria osatzeko egiten zuen bigarren ahalegina zen orain arrakastarekin amaitu dena. Lehenengo ahaleginak porrot egin zuen irailaren 10ean, orduan oposizioko indarrek ez baitzuten onartu Haririk proposatutakoa. Orain gauzak aldatu egin dira eta badakigu exekutibo berriak zein ezaugarri izango dituen. Hogeita hamar ministro izango ditu Haririren gobernuak. Horietako hamabost lehen ministroaren koaliziokoak izango dira (Martxoaren 14ko Indarrekoak), beste hamar oposiziokoak eta gainerako bostak Michel Suleiman Libanoko presidenteak izendatuko ditu, 15+10+5 formularen arabera.

Kargu banaketa izan da indar politikoen arteko adostasuna horrenbeste atzeratu duena. Atzo ezagutzera emandako informazioak ez du gauza handirik argitu. Espero da Haririk berak jakinaraziko duela nortzuk izango diren ministro.

atzerritarrak

Bi aldeek gauza bera leporatzen diote aurkariari, atzerriko indarren menpe egotea. Haririren aldekoak, AEBen eta Saudi Arabiaren menpe; eta aurkakoak, Iran eta Siriaren menpe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo