GARA > Idatzia > Ekonomia

Nafarroan zehar egindako bira aldaketa aldarrikatuz bukatu du LABek Amaiurren

Euriari eta hotzari aurre eginez, LABeko 150 kidek sindikatu abertzaleak Nafarroan zehar egindako biraren azken ekitaldian parte hartu zuten. Bertan, aldaketaren beharra nabarmendu zuen Igor Arroyo eledunak.

p038_f01_148x136.jpg

GARA |

LABek atzo eman zion amaiera, Amaiurren, «Alternatiba Sindikala martxan» izeneko ekimenari. Duela bost aste, urriaren 2an, San Adrianen abiatu zuen ekimena sindikatu abertzaleak, eta egun hauetan guztietan ehun herri ingurutik igaro da. Hain zuzen, furgoneta handi bat ibili da herriz herri, erakusketa batekin batera. Ekimen honen karira, ekitaldi, hitzaldi eta auto karabana ugari antolatu ditu LABek, eta horietan 2.000 lagun baino gehiagok parte hartu dute, eta 20.000 eskuorri banatu eta 5.000 kartel baino gehiago jarri dituzte, atzo sindikatuko kideek nabarmendu zuten legez.

Ekitaldia Amaiurren

Amaiurren LABeko 150 kide inguru bildu ziren, eta herriko plazan ongietorria jaso ostean, txistularien atzetik nafar gudarien aldeko monolitora gerturatu ziren, bertan aurreskua dantzatu zitzaielarik gudariei.

Omenaldiaren ostean, herriko frontoian bertsolari batek bertsoak bota zituen, Igor Arroyo LABeko eledunak hitza hartu baino lehenago.

Arroyok, borroka ideologikoaren garrantzia nabarmendu zuen, bai ikuspegi nazionaletik bai ikuspegi sozialetik ere.

«Egungo zanpaketa egoera iraunarazteko manipulazioa erabiltzen du botereak», salatu zuen Arroyok. Honakoa ere gaineratu zuen: «Botere horrek berak Nafarroa Espainiaren barruan eroso dagoela esaten digu, konkista eta geroko kolonizazio prozesua isilaraziz».

Honekin batera, LABeko kideak salatu zuen «Nafarroan klase sozialik ez dagoela eta ongi bizi garela sinestarazi» nahi dutela agintariek, eta ondorioztatu zuen «manipulazio bikoitz horri aurre egin» behar zaiola, «aldaketa sozial eta politikoaren aldeko ofentsiba bultzatuz».

«2012. urtea, ildo honetan, mugarri garrantzitsua da, konkistaren bosgarren mendeurrena beteko baita», nabarmendu zuen Arroyok, eta jarraian data borobil hori Nafarroako langileen artean «independentziaren aldeko jarrera bultzatzeko mugarri garrantzitsua» dela gaineratu zuen.

Izan ere, LABeko kideak nabarmendu zuenez, «nafar langileok aldaketa behar dugu; nafar langileoi independentzia komeni zaigu». «Eredu ekonomiko eta sozial berria nahi dugu eta horretarako erabakitzeko eskubidea eskuratu behar dugu», bukatu zuen Arroyok bere kideen aurreko hizketaldia.

Ekitaldiaren ostean, herri bazkaria egin zuten LABeko kideek Amaiurren bertan, eta bazkaria bukatu zenean Fermin Balentzia abeslari ezagunak kantaldia eskaini zien bildutako sindikalista abertzaleei.

2.000 lagun

Bost asteko ibilbidean Nafarroako ehun bat herritik igaro den ekimenean 2.000 lagunek parte hartu dute, 20.000 eskuorri banatu dituzte eta 5.000 kartel baino gehiago jarri dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo