KRONIKA Ikasle Eguna 2009
«Haziak loratuz» borrokan segitzeko deia zabaldu dute Arrasaten
Eguraldi euritsuari gogotsu aurre egin zioten «Geroa marrazten» Arrasaten ibili ziren milaka gazteek. Ikasle Topaketekin hasi eta kontzertuekin amaiera eman zioten aurtengo Ikasle Egunari; tartean, herria kolorez eta aldarrikapenez josi zuten. Hezkuntza sistema nazionala eraikitzeko borrokan jarraitu beharra dagoela aldarrikatu zuen IAk.
Zuriñe ETXEBERRIA
Larunbata eskola eguna ez izan arren, milaka gazte bildu ziren atzokoan Arrasaten. Motxila, koaderno edota boligrafoen arrastorik ez zen izan; horien ordez, euritako andana sumatu ziren herriko kaleetatik barrena. Ikasle eta abertzaleek «geroa marrazteko», aldarrikapenerako, borrokarako eta festarako, urtero bezala, zuten zita 10.30etatik hasita eta gaueko ordu txikietara arte.
Ikasle eguna, ikasle eta abertzaleentzat egun berezia dela esan beharrik ez dago, izan ere, egun batez ikasle direnak eta izateari aspaldi utzi ziotenak batzeko eguna izan ohi da. Azken urteotan, gainera, egunean zeharreko egitaraua betetzen joan izanak are eta bereziagoa bilakatu du eguna.
Kontzertu apur batzuk soilik izatetik, edukiz betetako eguna izatera pasa da Ikasle Eguna. Halaxe erakutsi zuten atzokoan, goiz-goizetik; lehenik, 10.30ean, Ikasle Topaketak burutu zituzten egunari hasiera emateko.
Arrasateko unibertsitateak 150 lagun inguru hartu zituen, hausnarketa eta eztabaida giroan. Ideien trukaketa horren bitartez, hilaren 27, 28 eta 29an Zestoan ospatuko diren Gazte Mugimenduaren Topaketetako edukien inguruan aritu ziren; bide batez, hezkuntza eremuko ekarpena landu zuten.
Hausnarketa eta eztabaida
Edukien lanketarako, sei lan taldetan banatu ziren gerturatutako ikasleak. Lan talde bakoitzean, sistema kapitalista patriarka- laren zapalkuntzak hezkuntza eremutik aztertu zituzten, Zestoako Gazte Mugimenduaren Topaketetan erabiliko den eskema berdina jarraituz. Era horretan, generoan, ikasle eta gazteen klasean, herrian eta ama lurrean sistemak eragiten dituen zapalkuntzak aztertu eta horien aurrean burutu beharreko lanaren zein alternatiben inguruan gogoeta egin zuten.
Adibidez, generoaren inguruko eztabaidan, egungo hezkuntza sistema aztertu zuten. «Gizonak eta emakumeak banatuta hezten ditu sistemak eta bakoitzari rol batzuk egokitzen zaizkio. Hori argi geratu da topaketetan», esan zion GARAri beste sei kiderekin dinamizatzaile lanak egin zituen Unai Txurrukak.
Ama lurraren gaia ikuspegi nazionaletik eztabaidatzen zen lehen aldia izan zen atzokoa, eta sistemak «merkantzia hutsa bezala» ikusten duela ondorioztatu zuten. «Hezkuntzak, gainera, ez du ezer egiten ama lurraren transmisio egoki bat egiteko», gehitu zuen Txurrukak. Era berean, IA berak ere «autokritika» txiki bat egin zuen, «askotan kartel asko atera eta inertziaz jartzen ditugulako».
Ia ordubete eta erdi izan ziren ikasleak lan taldeetan; ondoren, denak batera bildu eta egindako hausnarketak ezagutarazi zituzten. Saioari amaiera emateko, «Euskal Eskola Nazionala lortuko dugu», azpimarratu zuten. «Ekin dezagun batera, bota diezaiogun hordagoa hezkuntza sistemari» oihukatuz eta Zestoako zitarako deia eginez agurtu ziren.
Eguraldi euritsua medio, Seber Altube plazan iragarrita zegoen Hezkuntza Nazionalaren gunea Gaztetxera eraman zuten. Bertan, umeentzako jolasak, erakusketak, ikasle denda eta barra egon ziren. Eguraldi txarrari tinko eta gogotsu egin zioten aurre gazteek. Topaketak bukatu eta kalejiran abiatu ziren herri bazkarira. Bapo-bapo jan ostean, antzerkiaz, batukadaz eta ikasleen musika maratoiaz gozatzeko parada izan zuten gazteek.
Arratsaldeko zazpi eta erdiak heldu zirenean, Seber Altube plazatik manifestazioa abiatu zen Arrasateko kaleetan barrena. Kontzertuetarako prest zegoen karparaino heldu ziren milaka gazte.
Katalunia eta Irlanda, presente
Manifestazioaren ondoren, ekitaldi nagusiaren txanda heldu zen. Bi bideo emanaldik eman zioten hasiera ekitaldiari. Lehenengoak, goizeko topaketak aurkeztu zituen; bigarrenak, aldiz, IAk urte osoan burutu duen marra gorrien kanpaina izan zuen hizpide. Ostean, kontzertuen karpak milaka gazteren berotasuna sentitu zuen Ibai Agirrebarrena ikasle presoak espetxetik bidalitako gutunaren hitzak lau haizetara errezitatu zituzten momentuan.
Irlanda eta Kataluniako ikasle mugimenduko ordezkariak ere izan ziren Arrasateko Ikasle Egunean. SEPCeko kideek bost aldarrikapen nagusi dituztela azaldu zuten: «Katalana izatea heziketa hizkuntza eta hezkuntza publikoa, antipatriarkala, nazionala (Herrialde Katalan guztietarako) eta kalitatezkoa». Dena den, euren egungo borroka nagusia Bologna prozesuaren aurkakoa da, Euskal Herrian bezala.
Irlandako Ogra Sinn Feineko kideak, ostera, egun Irlandan hezkuntza doakoa dela azaldu zuen. «Gobernuak, aldiz, ordainaraztea nahi du orain», ohartarazi zuen. Horren aurrean Ogra Sinn Feinek doako hezkuntza publikoa defendatzen duela aldarrikatu eta doakotasunaren alde borrokan ari direla esan zuen.
Ikasle Abertzaleak mugimenduko kideek hartu zuten hitza jarraian. «Gora euskal gazteria» ozen oihukatu ostean, bildutakoei eskerrak eman eta Arrasate «kolorez eta ekimenez, azken batean, aldarrikapenez, josteagatik» zoriondu zituen.
Geroari «brotxa eskuan eta pintura ahaztu gabe» begiratzeko deia luzatu zuten, baina egindako guztia ahantzi gabe: «Herri Eskoletan gure kabuz ikasi eta irakasteko gai izan gara, hezkidetza tailerretan emaitza onak lortu ditugu eta hiru egunez Eskola Ibiltaria eraiki dugu».
Ikasle eta abertzaleen helburua zein den «argi» daukatela baieztatu zuten. «Badakigu gure helburua Euskal Eskola Nazionala dela». Beti erraza ez dela izango jakin badakite, baina argi dute «merezi» duela. Horregatik, «egindako guztiak merezi zuen moduan merezi du egungo borrokak ere», nabarmendu zuten. Hilaren 17an Ikasleen Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Hori dela eta, atzokoan, bakoitzaren eremuan «marra gorriak markatzeko eta borrokarako eguna» izango dela gogorarazi zuten. Ikasleei egunero ukatzen zaizkien eskubideak «markatu eta planto egiteko eguna» izango da. «Nahikoa dela esateko unea da. Ez daitezela beraiek marra gorrietatik pasa!».
Egindakoaz «harro» eta eginbeharrekoak «argi» zehaztuta, «haziak loratuz» borrokan jarraitzeko deia zabaldu zuten Ikasle Abertzaleek milaka gazteren artean.
Ekitaldia bukatu bezain pronto, lehen musika doinuak entzuten hasi ziren. Des-Kontrol, KOP, Esne Beltza eta Zea Mays taldeen eskutik luzerako izan zuten gazteek. Beste Bat erromeria taldearen eskutik eta Radio Afuren laguntzaz gaueko ordu txikietara arte luzatu zen parranda.