ACB Liga
English edo McDonaldek, bietako batek kide ohiei irabaziko die gaur Gasteizen
GARA | GASTEIZ
Caja Laboral Baskoniak eta Kanaria Handiak 18.00etatik aurrera jokatuko dute elkarren aurka Zurbaon. Kasualitateak hala gurata, Carl English kanariarren jokalari ohiak eta Will McDonald baskonista ohiak kide izandakoei garaipena osteko abagunea izanen dute. Batak edo besteak lortuko du aipatutako helburua.
Pritzipioz, Ivanovicen taldeak behar luke faborito, nahiz eta Kanariar Uhartetako taldea liga hasiera ona egiten ari den. ACB Ligako historian birritan baino ez da gailendu talde horia Gasteizen. Horrez gain, joan den asteburuan Valentzian galdu ostean, baskonistek ligako martxa ona berreskuratu nahiko dute. «Kanpoan galtzea latza bada, etxean galtzea onartezina da», adierazi du egunotan San Emeteriok.
Lofton osatu da
Talde arabarrak ostegunean Euroligako hirugarren partida jokatu zuen eta oraindik ere irregulartasun handiegiarekin jokatzen duela erakutsi bazuen ere, oro har maila itxurosoa eman zuen, batez ere Olesonek.
Esan behar da, hala ere, Alaskako eskoltak berak sasoian jartzeko oraindik «hilabete inguru» beharko duela onartu duela. Gorputzaldi onenetik urrun egongo den beste jokalari bat Chris Lofton estatubatuarra da. Sukarra zuela-eta, Ivanovicek Esloveniara ez eramatea erabaki zuen. Egunotan hobera egin du, ordea, eta, hala, Kanaria Handiaren aurka jokatzeko aukeraren bat izan dezake.