GARA > Idatzia > Kirolak> Atletismoa

Behobia-Donostia proba

Ekitaldirik jendetsuena eguraldiaren menpe dago

Alberto Juzdado eta Rocio Riosen markak haustea ezinezkoa izango da egunotako haizete eta euriteekin.

GARA | DONOSTIA

Behobia-Donostia lasterketaren 45. ekitaldiak krisi garaiari gain hartu behar ziola zirudien astean zehar. Inoiz ez bezalako lasterkari kopurua, orotara 18.444 pertsona, proba honetako 20 kilometroetan gora eta behera, iazko 16.254ko kopurua txiki lagatzea erdietsiz. Alabaina, azken egunetako eguraldi petralak bat eta bi baino gehiagori zer pentsatua emango zion. Tenperaturek beherantz egitea zer da ba, euria eta haizearen aldean? Bestela egin beharreko esfortzuari naturak berak ezarri gura dioen gainkarga latza astunegia izan liteke makina batentzat, baina, prestaketa lanak behin amaitu ondoren, ez gehiengoarentzat.

Eguraldiak eguraldi, Kursaaleko kubo txikian urteroko korrikalariaren azoka ikusterik izan zen atzokoan eta, barruan egoteko giroa zegoela aprobetxatuz, makina bat ikusle izan ziren bertan. Ikustera joan zirenak bezain bestek parte hartzen badute, ez da gaizki egonen.

Auskalo zenbatek egingo duten atzera, eta auskalo ere eguraldi txarrak zenbateraino motelduko dituen korrikalariak. Ia ezinezkoa dirudi behintzat Alberto Juzdadok eta Rocio Riosek indarrean dituzten markak hausteko inor gai izatea. Sorpresa itzela litzateke, egia esan. Era berean, gainontzeko parte hartzaileek ere oso zaila izango dute aurreko urteotako markak hobetzea. Markak hobetu edo ez, aurreko urteetan egin den moduan, Behobia-Donostia honetan parte hartu eta helmugara iristen direnek asteleheneko GARAren gehigarri berezian egindako denbora eta sailkapena ezagutzeko modua izanen dute.

Chema Martinez, faborito

Sailkapenaren bila korrika egingo dutenei begiratuz, badirudi Chema Martinez espainiarrari inor gutxik lehiatuko diola garaipena. Irabaziz gero, Martinezek bosgarren aldiz eskuratuko luke hain kuttuna duen proba hau. Bosgarren aldiz jarraian gainera. Bere arerio nagusia Estatu espainoleko maratoi txapeldun Rafael Iglesias izan daiteke. Israel Garciak ere badago bi faboritoen itzalean.

Emakumeen artean, berriz, badirudi azken irabazle Ana Casares nafarrak arerio latza aurkitu beharko lukeela Maria Jose Pueyorengan. Nahiz eta sekula baino emakume gehiagok izena eman aurtengo Behobia-Donostia probarako, ia 3.200 emakumek hain zuzen, ez dirudi azken orduko sorpresarik izango denik podiumeko gorengo lekuan.

Euskal Herriko lasterketa herrikoi garrantzitsuena den hau 11.00etan hasiko da ofizialki eta 11.30ak arte ariko dira atletak irteten; azken urteetan bezala, marken arabera aterako dira korrikalariak. Horretarako, alde batetik, kolore ezberdinetako dortsalak banatu dira -onenetik eskasenera, horia, berdea, gorria, urdina, laranja eta zuria- eta, bestetik, azken urteetan hain ohiko bihurtu diren txipak ez dira martxan jarriko korrikalariek irteerako marra gainditu arte.

Irteera ofizialaren aurretik, aldiz, Donostiako Boulevardean alebinen lasterketa hasiko da 10.15ean eta infantilena, aldiz, 10.30ean. Gutxi gorabehera, 10.45erako Behobia Txikiaren hirugarren ekitaldiko sari banaketa ospatuko da.

Behobian bertan, ostera, 10.25ean gurpildun aulkietako lasterketa hasiko da eta 11.45ak aldera espero da beronen sari banaketa.

Proba amaituta, 12.30ean ekingo zaio sari banaketari. Bertan, gizonen eta emakumeen lasterketako aurreneko hirurak saritzeaz gain, beteranoen arteko aurrena -gizon eta emakumeetan- sarituko da, baita Gipuzkoako aurreneko sailkatua ere, hala gizonezkoa nola emakumea. Azkenik, 1984ko irabazleari ere omenaldia eskainiko zaio, proba hartako 25. urteurrena betetzen dela-eta. Dena den, korrikalari herrikoien parte hartzea da Behobia-Donostiaren sari nagusia.

GARA

Behobia-Donostia honetan parte hartu eta helmugara iristen direnek asteleheneko GARAren gehigarri berezian egindako denbora eta sailkapena ezagutzeko modua izanen dute.

partaidetza

Printzipioz, aurtengo Behobia-Donostia lasterketak partaidetza errekor guztiak hautsi behar lituzke, 18.444 korrikalarik eman baitute izena. Alabaina, ikusteko dago eguraldi txarraren erruz zenbatek egingo duten atzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo