GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Txapelketa Nagusia 2009

Beste modu bat, beste estilo bat, beste proposamen bat

Agin REZOLA Bertsolaria eta Info7 irratiko esataria

Saio amaieran elkarrizketa gai gutxi zeuden: Maialenen bakarkakoa eta Maialenen bakarkakoa. Aspaldi entzun dudan ariketarik onena izan da, orain arteko gairik onenak lagunduta ziur aski: «Argazkilaria zara, oraintxe iritsi zara gertakarien lekura eta lanean hasteko garaia da». Oso lan zaila da tentsioa sei puntuan mantendu zuen bezala mantendu eta azken bi puntuetan horrela errematatzea. Eta horrenbeste datu eta erreflexio sartzea! Ez da bakarkako lan on bakarra izan, baina bai onena. Hernaniarraren lanean, ideia asko entzun genituen, hala nola, poliziak ezkutatzen duen informazioa, informazio hori ezkutatuagatik egia erakutsi nahia, errealitate bat eraikitzeko ahalegina... Guztiak bere ikuspuntutik eta berak nahi zuen tonua emanda. Baina beste bertsolarien ahotatik ere, ideia ezberdinak entzuteko aukera eman zuen gai hark. Aitor Mendiluzek, teknikoki bikain jositako hiru bertsotan, albiste txarra albiste ona denaren ideia plazaratu zuen (bad news is good news), Etxahun Lekuek informazioa eta morboaren arteko borroka, Fredi Paiak Afganistango egoeraren zeharkako errudun egin nahi izan gintuen, Beñat Gaztelumendik bizitza pribatura eraman zuen gaia argazkilaria aita bihurtuz eta Jon Martinek albisteak biharamunean ahazteko dugun erraztasuna aipatu zuen, besteak beste. Ireki itxurako gai itxi batzuk entzun ditugulakoan nago, baina bertsolariei aukera eman zitzaien atzo eta aprobetxatu zutela iruditu zitzaidan.

Baina ez da Maialen Lujanbio guztien ahotan dagoen lehen aldia eta ez da azkenengoa izango ere. Txapelketa honetan bertsolari asko entzuten dira Maialenek orain urte batzuk markatu zuen estiloan, istorio baten kontaketan oinarritutako estiloan, baina besteak horretan ari direnean, Maialenek beste buelta bat eman du: beste proposamen bat egin du. Ikuspuntuan, gaiaren trataeran eta tonuan oinarritutako bertsokera berri baten aurrean egon gaitezke. Horren adibide, zortziko handian Beñat Gaztelumendirekin egin zuen lana. Oso gai zaila zuten, tragikokeria errazean erortzeko arrisku handia zuena, baina Maialenek ama baten ezina irudikatu zuen ataka horretatik irteteko. Hori ez du edonork egiten. Hau izan da 1.550 iritzietako bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo