GARA > Idatzia > Ekonomia

EAJk, PSEk eta PPk elkarteen parte hartzeari berriro ezetz esan diotela salatu dute

Eragile sozialek eta sindikatuek ez dute Bizkaiko Batzar Nagusietan parte hartzerik, ezta aurrekontuei buruzko iritzia emateko ere. Ezker abertzaleak aukera eman diezaieten eskatu eta EAJk, PSEk eta PPk ezetz esan dute bigarrenez.

GARA | BILBO

Bizkaiko Batzar Nagusietan Ogasun eta Finantza Batzordean 2010eko Aldundiaren aurrekontuen inguruan foru ahaldunek emandako azalpenak entzun ondoren, ezker abertzaleko taldeak herrialdeko eragile sozial eta sindikalak batzordera gonbidatzeko proposamena egin zuen, «aurrekontuen inguruan dituzten iritzi eta ekarpenak bertan bideratu ahal izateko». Salatu dutenez, proposamena batzordean bertan bozkatu zen, eta «PNVk, PSOEk eta PPk berriz ere» ezezkoa eman diote proposamenari.

Ezker abertzaleak azaldutakoaren arabera, azken honekin bigarrenez eman diote hiru alderdiek ezezkoa parte hartzeari, azaroaren 3an ahaldun abertzaleek Bizkaiko Batzar Nagusietako araudia aldatzea proposatu baitzuten, hain zuzen, herri eragileek aurrekontuen eztabaidan parte hartzeko aukera izan zezaten.

«Prozesu hau, hain garrantzitsua izanda, gure ustez, Bizkaiko batzarkideok aurkezturiko aurrekontu proiektuari buruzko iritzia osatu ahal izateko, oso egokitzat eta beharrezkotzat jotzen dugu Bizkaiko erakunde sindikalen eta gizarte eragileen parte hartzea», azaldu dute prentsa ohar batean.

Hauteskundeetan bakarrik

Talde abertzalearen esanetan, «gizarteak instituzioetan une oro parte hartzeko baliabideak izan beharko lituzke», eta hori dela-eta, kritika zorrotzak izan zituen «hauteskunde programetan herritarren parte hartzea eta demokrazia hitzak hitzetik hortzera» erabili dituzten alderdientzat. «Hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea denean ez dute inolako borondate politikorik» salatu dute EAJren, PSEren eta PPren jokabidearen inguruan.

Parte hartzeari ezetz esaten dioten hiru alderdi horiei «herritarrek esan behar dutenaren beldur» diren galdetu die ezker abertzaleak, baita parte hartzea «lau urtero hautestontzi batean boto-txartela sartzean» datzan ere. «Eta gero instituzio demokratikoez hitz egiten dute», gaitzetsi du.

«Bizkaiko Batzar Nagusietako ezker abertzaleko taldekideok argi dugu, ez dagoela inolako borondaterik herritarrei instituzioetako ateak irekitzeko. Baina guk orain arte bezala, lanean jarraituko dugu Diman, Igorren, Hernanin... egin bezala, benetako parte hartze prozesu eraginkorrak bideratu ahal izateko», adierazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo