Lander Garro idazlea
Ipurdi kontuak
Mila bederatziehun eta hirurogeigarren urte aldera gertatu zen. Miles Davis tronpeta-jotzaile ospetsua New Yorkeko Birdland antzokian zegoen. Egun hartantxe emanaldia izan zuen, John Coltrane eta beste hainbatekin. Emanaldiaren ondoren neska zuri batekin atera zen antzokitik Miles, eta taxira eraman zuen. Eskuaz agur egin eta hantxe geratu zen, zut. Gobernuko makilero bat hurbildu zitzaion berehala, eta zirkulatzeko agindu zion. Nazioarteko eufemismoa da zirkulatzea, irudi duenez. Alegia: ospa egitea, desagertzea, antzarrak ferratzera joatea. Baina poliziak zirkulatzeko eskatu, polizien doinu polizialean. Gaizto. Hatz lodia atzera zuzendu zuen Milesek, hormako argizko panel handira, eta esan: «Ikusten al duk hor goian agertzen den izen hori? Ba, ni neu naiz Miles Davis». Irri txiki bat egin zuen poliziak: «Bost axola niri, martxa egiteko esan diat». Hasi ziren kalakan, eta, noski, beltzak amaitu zuen burdinen atzean. Milesek berak kontatu zuenez, komisarian bera arakatzeko tema berezia zeukaten zakurrek. Galtzak eta galtzontziloak jaitsi zituen orduan, eta ozen esan zien: «Sartu hatza nire ipurtzuloan, ea bertan zer edo zer aurkitzen duzuen».
50 urte pasatu diren honetan, gauzak gutxi aldatu dira. Han bezala, hemen. Halaxe dabiltza orain ere. Gizakiak arakatzea obsesio bilakatu zaie. Galde euskal presoen senideei: kartzela batean baino gehiagotan geratu dira bisita gabe, miatuak izateari uko egin diotelako. Horra duintasuna. Baina, pentsatzen jarrita, Milesen adibidea jarraitzea ere ez legoke gaizki. Bila dezatela han, nahi badute.