«Ane pirata», beti dagoelako barre egiteko arrazoi bat
Mitxel Muruak idatzita eta Aspanovas taldearekin elkarlanean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek «Ane pirata» liburua aurkeztu dute. Bilduma berri baten estreinako kontakizuna da; piraten itsasontzi baten kapitainaren eta minbiziaren arteko «harremana» biltzen ditu.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Ane minbizia duen pirata da. Gaixorik badago ere, badaki minari aurre egiteko errezetarik onena umorea dela, eta erremedio hori ingurukoei helarazten saiatzen da. Berak badaki bizitza abentura bat dela eta, motza edo laburra izan, garrantzitsuena gogoz bizitzea dela. Bera da «Ane pirata», itsasontziko kapitaina.
Lagun gazte baten benetako istorioan oinarrituta, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek minbiziaren eta haurren munduan lanean jarraitzen dute. Aspanovas taldearekin elkarlanean, eta Mitxel Muruak idatzita, ipuin berria plazaratu dute Elkar argitaletxearekin. «`Ane pirata' minbizia zuen neska gazte baten istorioan oinarritzen da. Pirata samarra zen, gaixotasuna izanagatik, oso alaia zelako. Horren harira sortu zen pirata eta Aneren arteko egitasmoa. Ipuina bera horrela sortu da, eta bilduma baten abiapuntua da». Murua, beraz, Aneren istoriotik abiatzen da eta, ospitaleratuta dagoen bitartean alboko ohean duen pirataren kontakizunarekin partekatzen du. Bien gaixotasuna eta egoera agertzen ditu, baina baita haien sentimendu eta bizipenak ere.
Umorea, botika
Joxe Mari Agirretxe benetako istorioaren sustraietara itzuli zen. «Ane erietxean ezagutu genuen entsegu bat egitera joan ginenean. Haur guztiak bereziak badira, berak bazuen indar bereziago bat. Guk harengandik ikasi dugu umorea oso botika ona dela eta tristurak eta pozak partekatzen direnean goxoagoak direla».
Hala, ipuina espresuki berari eskainia dagoela nabarmendu zuen, «berak irakatsi baitzigun beti dagoela barre egiteko arrazoi bat». «Egunero ateratzen da eguzkia -jarraitu zuen-, eguraldi ona egin dezake, txarra, baina egunerokotasuna une eta gune magikoez beterik dago eta ez diegu kasik erreparatzen. Anek horiek bizitzen eta haiekin disfrutatzen erakutsi digu eta, batez ere, bizitzan urteak betetzea garrantzitsua izanik ere, hori bezain inportantea dela haiek bizitzen jakitea».
«Ane pirata» ipuin bilduma bateko lehenengo alea da eta, bera kapitaina izaki, tripulazioko beste piraten istorioak argitaratuko dira hurrengoetan. Horrez gain, «Eskerrik asko!» lanean argitaratutako kontakizuna gehitu diote, Marimototsek pairatzen duen gaixotasunaz hitz egiten duena.
Habanako erietxean gaixorik dauden haurrei bisita egin ostean, Pirritx eta Porrotxek beren materiala gaztelaniara itzuli eta Kubako umeei helaraziko diete datozen asteetan.