GARA > Idatzia > Kultura

Antropologia soziokulturala eta bizi-kalitatea aztergai, Utriusquek argitaratu bi liburuetan

p050_f02_097x092.jpg

GARA | DONOSTIA

Utriusque Vasconiae argitaletxeak liburu berri bi aurkeztu ditu aste honetan, biak ala biak gizarte gaien inguruan biraka dabiltzanak. Horietako bat, «Ikergaiak eta adierazpenak antropologia soziokulturalean» izenburupean, Kepa Fernandez de Larrinoak idatzitako hausnarketa liburua da.

Idazle bilbotarraren hitzetan, lau jokaerak eragin dute antropologia soziokulturalaren bilakaeran: sinkroniak, diakroniak, erlatibismoak eta unibertsalismoak. Bakanduta edo binaka elkarturik, laurok tankeratu dituzte zientzia antropologikoaren laratzak, bere ustetan. Saiakera hori aipatu lau jokabideez mintzo da, bereziki kulturaren eta gizartearen artekotasun teorikoak bilduz, eta ekonomia politikoari dagokion garrantzia emanez.

Helduen bizi-kalitatea

Utriusque Vasconiaek plazaratu duen bigarren sorkuntza Izarne Lizaso Elgarrestak burututakoa da. «Pertsona helduen bizi-kalitatea» izenburutzat hartuta, garapen psikosozialaren eremukoa da idazle errenteriarrak garatu duen lana. Biztanleriaren zahartzea dela-eta, erretiroaren eta pertsona helduen azterketa gai garrantzitsu bilakatu da gizartearentzat. Orain arte, egungo pertsona helduekin erlazionatutako ezaugarriak aztertzeko orduan, hiru eduki hartu dira kontuan. Batetik, erretirora egokitzeko prozesua azaltzeko erabiltzen diren teoria psikosozialak; bestetik, azken hamarkadetako aldaketa sozio-historikoak; eta, azkenik, pertsona horien inguruan autoreek egindako ekarpenak.

Liburu horretan Lizaso pertsona helduen bizi-kalitatearekin loturiko ezaugarriak ikertzen saiatu da funtsean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo