GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Nazabal eta Larretxea, faborito Nafarroakoan

p045_f02.jpg

Jon LEUNDA

Nafarroako Lehen Mailako aizkolarien finala jokatuko da bihar arratsaldean, 17.30etatik aurrera Doneztebeko pilotalekuan. Herri horretako feria eguna ospatuko da, eta urtero bezala herri kirol jaialdi handia ospatuko da aurten ere, eta beti bezala ez da txapelketarik faltako.

Bost aizkolari neurtuko dira bertan: Nazabal, Larretxea, Lopez, Mindegia eta Senosiain I.a. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu, Gipuzkoako finalean izaten den lan bera eta Euskal Herrikoan izaten dena baino bi oinbiko gutxiago.

Floren Nazabal da txapela janzteko faborito nagusia. Etxarrikoak irabazi zuen kanporaketa, eta finalean ere ez du hutsik egin nahiko. Berehala gainera Euskal Herrikoa izango du, eta ordurako bere mailarik onena eman nahiko du Florenek.

Donato Larretxea izango du, ustez, bere aurkari nagusia. Arantzakoa ere txapela janzteko faboritoa da. Hala ere, joan den igandean apustu handia jokatu behar izan zuen Mindegiaren aurka, eta erabat osatzeko ez du tarte handirik izan. Nolanahi ere, oso kontuan hartu beharko da.

Miel Mindegia ere bertarako sailkatuta dago. Igandeko apustua galdu ostean, lehiaketa honi ez ziola aparteko garrantzirik ematen eta agian ez zuela parte hartuko esan zuen, baina oraingoz parte hartzekotan da.

Juanjo Lopezekin ere adi ibili beharra egongo da. Sasoi bikaina erakutsi du azkenaldian, eta hau ere ezustea emateko prest dago. Honek ere Euskal Herriko Txapelketan mailarik onena eman nahi du, eta duena erakusteko parada aparta izango du biharkoan.

Antonio Senosiain ere izango da Doneztebeko finalean. Olaguekoak oso maila ona du, baina aspaldian ez da aizkorarako gehiegi prestatu, eta finalean sartzearekin lehen helburua bete du, nahiz eta azken postuan ez amaitzea izango duen beste helburuetako bat.

Ez da izango, ordea, bihar Donezteben jokatuko den aizkora saio bakarra, izan ere, Bigarren Mailari eusteko kanporaketa ere jokatuko da. Juan Telletxea izan zen Nafarroako Bigarren Mailako kanporaketan azkena eta maila galdu zuena. David Amillano, berriz, min hartuta zegoen, eta ez zuen aritzerik izan. Horrelakoetan maila galtzen duenak kanporaketa jokatzea eskatzea badauka, eta horixe egin zuen Telletxeak. Bihar neurtuko dira elkarren aurka. Bakoitzak bi kana-erdiko eta 60 ontzako enbor bana erdibitu beharko ditu, eta galtzen duenak, datorren urtean Hirugarren Mailan aritu beharko du.

Azkenik, Nafarroako Bigarren Mailako trontzalarien finala ere ikusi ahal izango da Donezteben. Bertan, Eugi-Iribarren eta Legarrea-Etxeberria lehiatuko dira. Biko bakoitzak 45 ontzako enbor bati hamar epai etzanda eta beste lau zutik eman beharko dizkio.

Txapelketa hauek zuzenean ikusi nahi dituenak, sarrerak 15 euroren truke erosi ahal izango ditu pilotalekuko leihatiletan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo