GARA > Idatzia > Kultura

Baionako La Puce des Arts VIII. jaialdian toki berezia izango du komikigintzak

Ainize BUTRON | BAIONA

La Puce des Arts jaialdiaren 8. edizioa ondoko azaroaren 21ean eta 22an izango da. Bi egunez artistekin harreman zuzena izateko eta lekuko artisten sorkuntza ezagutzeko aukera ematen du urtean bi aldiz egindako jaialdi honek.

«Artea publiko zabal bati ezagutaraztea da La Puce des Arts-en xedea», nabarmendu zuten ARCAD elkarteko kideek, ekimenaren antolatzaileek.

Azaroaren 21eko asteburuan, Euskal Herriko zein Estatu frantseseko berrogeita hamar bat artista bilduko dira Baionako Elkartetxean. Aurtengo berezitasuna, komikigintza hartuko dutela gai nagusitzat.

«Edizio bakoitzean arte munduko praktika baten aipamen berezia egiten dugu, publikoari ezagutarazteko. Komikigintza, gaur egun, artean sailkatuta dago», goraipatu zuten.

Arte mota hori ezagutarazteko Marko Armspach, Uztaritzeko komikigileak, Dargaud eta Bamboo argitaletxeetan kaleratu dituen lanen oinarrizko marrazkiak azalduko ditu.

Haren lanaren aurkezpenaz gain, komikiak irakurtzeko gune bat prestatu dute, baita bideoa, grafismoa eta musika uztartzen dituen gaualdia antolatu ere, eta bertan izango dira, Markorekin batera, Asisko Urmeneta, Guanes Etxegarai perkusio jotzailea, Julie Marie eta Elixabet Dufour, trikiti eta albokarekin.

Estilo anitzak

Mota askotariko estiloak izango dira ikusgai eta salgai, beraz, La Puce des Artsen. Margolanak nagusi izaten badira ere, zizel lan, argazki, beira, mosaiko eta zeramika lanak ere izango dira.

Bestalde, kaligrafia, mosaiko eta zurezko eskulturari buruzko tailerrak antolatu dituzte, sorkuntza sustatzeko, eta animazioak ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo