GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Pirritx eta Porrotx pailazo taldea

Pirritx eta Porrotxek, Iruñeko alkateari

Mendi gailurretan elurra, kalean argi distiratsuak eta etxeetan mukizapiak eta Gabonetako oporren usaina nagusi diren sasoi honetan, pailazook Olentzerori laguntzen jarduten dugu urtero.

Gauza jakina da gure ikazkin maitea zahartzen ari dela, baina ez du erretiroan pentsatzen, ez alajaina! Lanean jarraitzen du, beti alai, pipa irribarretik zintzilik duela. Zorionez, gero eta gehiago dira Olentzerori marrazkiak eta eskutitzak bidaltzen dizkioten haurrak, eta horiek irakurtzen laguntzen diogu guk, bera bista galtzen hasia baita, eta musu gorrien gainean ipintzen dituen betaurrekoak ez dira nahikoa ilusioz beterik euskaraz idatzitako mezu politak behar bezala ikusteko. Eskuak ere, eta hatz okertuak, ikatzak aspaldi belztu eta laztu zizkion, eta horregatik, opariak biltzen ere laguntzen diogu. Ez da lan makala Olentzerorena!

Halere, guztia prest izaten du Gabon gauerako, eta iluntzean tokian tokiko haur, gazte eta helduekin osteratxoa egitea oso gustuko du: kantari, gaztainak banatzen ditu eta haurrek sekretutxoak xuxurlatzen dizkiote, eta muxuak eman eta jasotzen ditu. Hain da maitagarria!

Horregatik, Yolanda, ez dugu ulertzen zergatik ezartzen dizkiozun Olentzerori hainbeste debeku eta traba Iruñean, halako ibilbide eta ordutegi estuak, horrenbeste polizia kaleetan eta hainbat isun auzotarrei. Finean, zergatik zigortzen duzu Olentzero?

Buruari bueltaka aritu gara, eta azalpen bakarra topatu dugu: ez duzu Olentzero ezagutzen. Horregatik, proposamen bat egin nahi dizugu, oraindik garaiz zabiltza eta: aurten, bidali eskutitza zuk ere Olentzerori, ziur berak irakurriko duena, eta Gabon gauean, bihotz oneko jentil euskaldun honek bisita egingo dizu. Nahi baduzu, ilundutakoan, belar ondu pixka bat utzi astoarentzat, eta baxoerdi bat Olentzerorentzat, eta deskuiduan ikusiko bazenu, esan «kaixo eta eskerrik asko», berak ere bene-benetan eskertuko dizu eta. Hori bai, opari bakarra eskatu, Olentzerok eta astoak erreuma dute eta! Gainera, etxe guztietara iritsi behar dute.

Honez gain, pailazook Olentzerorekin batera Iruñean estreinatuko dugun «Irrien Lagunak» ikuskizunera ere gonbidatu nahi zaitugu. Azaroaren 25ean, Anaitasuna kiroldegian, Iruñea aldeko herri eta auzoetako Olentzero zaleek eta pailazook irrien festa mundiala antolatu dugu, lagun bihurri eta kilikagarriak eta gonbidatu bereziak izango direlarik bertan. «Maite zaitut!» ozen kantatuko diogu Olentzerori denon artean.

Koloretako Euskal Irria maite dugulako, irri egin dezagun! Etor zaitez gurekin! Bildu gure festara!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo