GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aurrera egiteko indarrak bilduko dituzte Zestoan, Gazte Topaketetan

Iraganaz, orainaz zein etorkizunaz gogoeta zabala egiteko asmoz, Gazte Mugimenduaren Topaketak egingo dituzte Zestoan azaroaren amaieran. Hiru egunez gaztetxe erraldoia bailitzan antolatuko dute herria.

p020_f0111100.jpg

Janire ARRONDO | ZESTOA

«Indarrak bildu eta aurrera egiteko aukera» izango dute azaroaren 27, 28 eta 29an Zestoan, bertan egitekoak diren Gazte Mugimenduaren Topaketen harira. Mugimenduaren baitan azken hilabeteotan irekitako bidearen «geltoki» gisa antolatu dituzte topaketa hauek gazteek, bideak oraindik ez omen du-eta amaierarik.

Atzo Zestoan eskainitako agerraldian «geltoki» honek izango duen itxura azaldu zuten gazte independentistek. Ehunka lagun bilduko dituen elkargunean hamaika ideia eta gai jorratuko dituzte. Orokorrean, gaur egungo egoera aztertzearekin batera, atzera ere begiratuko dute, azkenean, etorkizuneko «utopia berriak» lantzeko.

Zestoa hiru egunez «gaztetxe erraldoi» bihurtuko dute gazteek. Prestatutako egitaraua da horren adierazleetako bat, eta bereziki, topaketarako prestatu dituzten guneak gaztetxeetan erabili ohi diren lan moldeei jarraituz antolatzea. Bide horretan, Zestoara hurbiltzen diren gazte guztien artean banatuko dituzte egin beharreko lanen ardurak.

Txoko berezia izango du, bestalde, emakumeen aurkako indarkeriaren gaineko eztabaidak gazteen bilgune honetan. Hortaz, eztabaida tailerretan emakumeenganako jarrera aldaketa landuko dute, betiere «zapalketa edo erasoak amaitze aldera». Hala ere, egun horietarako, edozein eraso homofobo, arrazista edo sexistarik jasanez gero, salaketarako telefonoa jarri dute martxan: 697 34 73 79.

«Zaharrak berri»

Eztabaida eta tailerrez gain, aisialdiak ere izango du tarterik egun horietan. Horrela, gazteek beraiek kudeatutako hamaika aisialdi ekintza prestatu dituzten. Kontzertuak, ipuin erotikoen kontakizunak, musika emanaldiak eta poteoak, besteak beste.

Asteburuko egitaraua ildo zehatz baten arabera antolatu dute gazteek. Horrela, ostiralean, sistema kapitalista hartuko dute hizpide, eta bereziki, gazteei nola eragiten dien aztertuko dute. Larunbat goizean, berriz, lantaldeetan banatuta sistema kapitalistak dakartzan «zapalkuntzak» landuko dituzte: «herri gisa, gazte kolektibo gisa eta emakume gisa sufritzen direnak eta Ama Lurrarekiko dakarren suntsiketa».

Larunbat arratsaldean, bestalde, sistemaren «zapalkuntza» horiek behingoz amaitzeko tresnak zeintzuk izan daitezkeen aztertu eta eztabaidatuko dute. Azkenik, igandean, egun horietan landutakoaren uzta jaso eta etorkizunera begira jarriko dira. Hala, proiektuak, lan lerroak eta esparru berriak aztertuko dituzte elkarrekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo