GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Iker Muniain gaztearen giharretako lesioa arina den esperantza dute zuri-gorrien sendagileek

Amaia U. LASAGABASTER

Espainiako selekzioak Iker Muniain deituz Athletici egindako «jokaldia» ederra izan da, gero. Bilbotarren azken zortzi partidetan huts egin behar, eta gainera Nigeriatik lesionatuta itzuli da jokalari nafarra. Muniainek zelaia utzi behar izan zuen ostegunean, Kopako finalerdietako partidan hogei minutu besterik igaro ez zirenean, Bilbon alarma guztiak piztu dituen uzkurdura sumatzerakoan.

Zorionez, eta azterketen behin betiko emaitza argitzeko dagoen arren, badirudi jokalariaren lesioa arina dela. Espainiako selekzioko sendagileek egindako lehen proben arabera, elongazio bat dauka psoas muskuluan. Hori esan diete zuri-gorrien sendagileei. «Lasaitasuna transmititu digute -azaldu zuen atzo Josean Lekuek-, lesioak, hasiera batean, ez baitu larria dela ematen. Azaldu digutenaren arabera, Muniainen lesioa elongazio bat da eskuin izterrean».

Athleticen sendagileak, hala ere, onartu zuen une honetan, eskuan dituen datuekin, guztiz zehatza izatea ezinezkoa dela, bai lesioa neurtzeko orduan, bai jokalariak errekuperatzeko behar izango duen denbora kalkulatzeko ere. Athleticen zerbitzu medikoek beraiek egingo dizkioten azterketen emaitzak ezagutu arte itxaron beharko da horretarako, astelehenera arte, beraz, Muniainek, Bilbora gaur bertan itzuliko den arren, asteburua etxean deskantsatzen pasatzeko baimena baitauka taldearen partetik.

Toquero eta Llorente

Nafarra ez da giharretan arazoak dituen jokalari bakarra taldean. Gaizka Toquero eta Fernando Llorente beren lesioak gaindituta, bat-batean itzuli ziren taldera asteazkenean, eta biek amaitu zuten minduta Rayoren aurkako norgehiagoka hori. «Biek sufritu zuten gainkarga bat aldaka mugitzen duen muskulaturan, eta errekuperazio epea txikia izan zen -azaldu zuen Lekuek-. Partidaren ondoren arazoak agertu dira berriz, baina ez du ematen larriak direnik». Albisteak hobeak dira Fran Yeste eta Ander Iturrasperen kasuetan, alta jaso eta taldearekin lan egiten hasiko baitira datorren astean.

Atsedenaldia

Bestetik, eta azken asteotako maratoia amaitu ondoren, zuri-gorriek Ligaren geldialdia arnasa hartzeko aprobetxatuko dute. Asteburuan deskantsatu, eta astelehenean itzuliko da taldea Lezamara, Bartzelonaren aurkako hurrengo partida gogo biziz prestatzen hasteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo