GARA > Idatzia > Euskal Herria

Uztaritzen bandera frantsesa osteagatik atxiloturiko hirugarren gaztea aske dago

GARA |

Lehen Mundu-Gerran izandako hildakoen oroitarritik azaroaren 11n bandera frantsesa lapurtzen ari zelakoan, jendarmeek hirugarren gazte bat atxilotu zuten, atzo goizean, Uztaritzen.

Andoni Anetas bere etxean atzeman ostean, Uztaritzeko jendarmeriara eraman zuten. Bezperan Aintza Zufiaurre eta Antton Rougeti Baionakoan egin bezala, gertaerei buruz galdezkatu zuten egunean zehar, eta arratsaldeko seiak aldera aske utzi zuten.

Segiko hiru gazteei «bandera frantsesa taldean lapurtzea» leporatzen diete eta datozen asteetan epaituak izango dira.

Legeria frantsesaren arabera, ekintza taldean egin izana «inguruabar astungarria» da.

Ganoragabekeria

Askatasunak «operazio ridikulotzat» jo du hiru gazteen atxiloketa, eta Estatu frantseseko agintariei zuzendurik honako galdera pausatu du: zergatik Poliziak ez duen hainbeste bitarteko eta grina ezartzen «Jon Anza nork hil zuen, Juan Mari Mujika nork bahitu zuen edota Xan Beyrie atxilotzeko unean buruan plastikozko poltsa bat nork jarri zion bilatzeko» .

Atxiloketak salatzeko, atzo ere, elkarretaratzea egin zuten Uztaritzen. Bezperan, 200 bat lagun bildu ziren Lapurdiko herrian Rouget eta Zufiaurreren askatasuna eskatzeko.

Segiko kideekin elkartasunez , eguerdian egindako mobilizazioan, berriz, Baionako erdigunean errepidea mozten saiatu zirelarik, istiluak izan ziren Etxepare lizeoko hogeita hamar ikasleren eta Poliziaren artean.

Segik gogor salatu zituen atxiloketok eta Estatuak daraman «errepresio ildoa, Euskal Herriaren aldeko lan politikoan dabiltzan gazte independentistak bere jomugan dituena».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo