Erein argitaletxeak haur eta gazte literaturako sorta eman du argitara, Durangora begira
A. B. | DONOSTIA
Erein argitaletxeak haur eta gazte literaturako sortatxoa aurkeztu du Durangoko Azokara begira: Antton Kazabonen «Arre! arre!» (Jon Zabaletaren marrazkiekin) eta «Tristan, triste» (Mattinen marrazkiekin), Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren «Zaintxo», Karlos Santisteban eta Iban Izagirreren «Belar-olatuetan», Carmen Gil eta Escletxaren «Gure bizilaguna sorgina ote da?», Maria eta Juan Basen «Asier buruhandiagaren okerrak» eta Josep Sampereren «Ate atzeko zuloa» liburuez osatua. Kazabon, Añorga, Santisteban, Gil, Sempere zein Maria eta Juan testuez arduratu dira, eta Zabaleta, Mattin, Mitxelena, Izagirre eta Escletxa berriz, marrazkiak sortzeaz.
Añorga eta Kazabon
Atzo Kazabon eta Añorgak beren liburuen berri eman zuten Donostian. «Tristan, triste» izeneko liburuan, Kazabonek Tristan pailazo maitagarriaren tristura eta negarrak azaltzen ditu, «ez baita erraza izaten barruko penak, nahigabeak eta tristeziak gordetzea» eta une zailetan garrantzitsuena lagunen laguntza eta kontsolamendua izatea dela azaltzea du xedea. Eta «Arre! arre!» izenekoak berriz, Piruloren Petra astoa, tratu txarrak jasotzen dituena, eta Kaxinto zaldia, tratu ezin hobea duena, ditu protagonista.
Iaz haur eta gazte literaturako Euskadi saria eskuratu zuen Pello Añorgak, bere aldetik, «Zaintxo» aurkeztu zuen. Ipuineko protagonista Paulo dugu, gehiago jakin nahi duen mutikoa, amona hilberritan «Eta non dago amonaren Zaintxo?» galdetzen duena.
Añorgak lehendik ere idatzia zuen heriotzari buruzko liburua, «Adio, adio», orain sei urte argitaratua. Eta gogoa zuen berriro ere heriotzaz hitz egiteko.