Beñi Agirrre Euskara irakaslea
Biolentziaren deslegitimatzea
Arrazonamendu moral eta etikoetatik haratago, ez horien gainetik, ez horien aurka ezta horiek gabe ere, baina, bai horietatik haratago, biolentzia politikoaren sorburuaz, erabileraz eta legitimazioaz ere hausnartu egin beharko genuke serio herri honetan. Ba al da biolentzia legitimorik? Eta nori dagokio biolentziaren legitimatze deslegitimatze eginkizuna? Estatuari? Herritarrei? Subjektu politikoari? Espainia eta Frantziako historiari begiratu besterik ez dago estatu horiek etengabeko ekintza biolentoen gainean sortuak eta eraikiak izan direla jakiteko. Eta egunerokoari begiratu besterik ez dago, gaur egun ere, halaxe dirautela ikusteko.
Espainiako kasuan, adibidez, Gaztelako lehenengo errege Fernando I.ak bere anaia Gartzes III.a Nafarroako erregea Atapuercan asasinatu zuen 1054an. Garai horretan baskoien lurraldea zen Bureba armaz hartu zuen. 1076an gaztelarrek Errioxa bereganatu zuten Naiarako Antso Gartzes IV. Peñalenen hiltzea agindu eta gero. 1200ean Gasteiz setiatu eta suntsitu ondoren, Nafarroa mendebaldea inbaditu zuten, hau da, Bizkaia eta Gipuzkoa. 1460an Sonsierra, Araba errioxarra, menderatu zuten. 1512an Nafarroa Garaia eta Beherea birrindu egin zituzten. 1640ko irailaren 13an espainolek Katalunia bitan banatu eta arpilatzen hasi ziren. Bi karlistadak eta Francoren estatu kolpearen ondorengo sarraskia ahaztu gabe, Espainia, ekintza biolento jarraiaren emaitza besterik ez da. Eta hau ez da iritzi subjektiboa, historiaren irakurketa etikoa baizik.
Hala eta guztiz ere, egungo statu quo hau legitimoa dela defendatzeko ahotsik ez da faltako gurean, baita etika eta moral onaren izenean defendatzeko ere. Umekeria litzateke, noski, biolentziaren eragileak nitarrak direnean legitimoa dela eta nire lagunen aurka bihurtzen denean gaitzesgarria den ala ez eztabaidan sartzea. Eta ume baten pareko kasketarena litzateke ea nor hasi zen bortxaz edo nork bortxatu duen gehien eztabaidatzen hastea. Euskal herritarrok, guk geuk, sortu eta garatutako Nafar Estatua etengabeko eraso bortitzenez izan zen inbaditua, okupatua eta suntsitua, beraz, era ezlegitimoan. Status quo honek ez digu lagunduko gatazka konpontzen. Estatu garaileei ez die balio izan zortziehun urteko biolentziak herri hau irensteko, estatu horien inposaketa ez baitago herriaren erabakimenaren gainetik.
Zailagoa da biolentziaren deslegitimazioa ikur hartuta, oraingo egoera ez-legitimoa ukatu eta eurena soilik justifikatu nahi dutenen jokoa zuritzea. Ez soilik hitzaren esanahi semantikoagatik; zeren eta egina dagoena soilik desegin daiteke, afinatua dagoen pianoa desafinatu, armatua dena desarmatu, bideratua dena desbideratu; alegia, legitimoa izan denean soilik deslegitimatu daiteke inor edo zerbait. Galdera sinpleegia da, bere gordintasunean sinpleegia alegia, zein egunetatik aurrera deslegitimatu behar da ekintza politiko biolentoa? Noiz arte izan da legitimoa? Ume-kasketaren adibideari jarraituz, norberaren interesetarako baliagarri izan den artean? Adibidez, zuriz jantzitako jenerala bere auto blindatua eta guzti airean itzulipurdika joan zenean, asko izan ziren txaloka eta txapelak airera botatzen jarri zirenak: abertzale euskaldunak, katalanak, sozialistak, demokratak, burgesia txikiko jauntxoak, erregezaleak eta errepublikanoak; esango nuke, jeneralaren koadrilakoak izan ezik, beste denak. Legitimoa izan al zen ordukoa?
Biolentzia ez da bidea. Ados. Euskal Herria, Nafar Estatua, bortizkeriaz isilarazi dutenek noiz onartuko dute herri honen hitza? Noiz onartuko dute hemen herri bat badela, eta, erabakimen politikoen jabe bera dela? Noiz onartuko dute herri batek asimilatua izan nahi ez duenean, ezta bortizkeriak ere, ez duela balio? Noiz erabakiko dute inbaditutako lurretatik erretiratzea? Noiz onartuko dute biolentzia ez dela bidea?