GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hastear diren epaiketen aurrean, elkartasuna areagotzen ari da

 

p013_f03_312x312.jpg

Oihana LLORENTE |

Udalbiltzaren zein «Egun-karia»ren kontrako epaiketak hastear dira Auzitegi Nazional espainolean. Data finkorik ez dagoen arren, antza denez, biak abenduan izango dira eta, hortaz, batean zein bestean auzipetuta diren lagunei elkartasuna helarazteko dinamikak ugaltzen ari dira egunotan. Atzo, Donostiako Koldo Mitxelenena kulturunea atxikimendu horren erakusleiho bihurtu zen; izan ere, elkartasuna jomuga duten bi dinamika aurkeztu baitziren bertan.

Sorkuntzan, itzulpengitzan edo finean, letren munduan ezagunak diren herritarrak euren esker ona erakutsi nahi izan diote Udalbiltzari, euskal erakundeak euskal kulturaren alde egindako ekarpena estimatzeko. Eledun gisa aritu zen Fito Rodriguezen arabera gainera, «ondorio guztiekin» eman dio segida Udalbiltzak euskararen eta kulturaren alde erakutsitako konpromisoari, eta ondorio horietako bat Madrilen Udalbiltzako 22 ordezkari eta langileen kontra hastekoa den epaiketa dela ekarri zuen gogora.

Uneotan, euskal idazleek ez dute bakarrik utzi nahi hamar urtez bidaide izan duten erakundea eta «Trikuaren erditzea» manifestua plazaratu dute, atxikimenduak biltzeko lan tresna.

Udalbiltza «borondate demokratikoen baturak» sortua izan zela adierazi dute sinatzaileek eta bere jardun instituzionala «publikoa eta gardena» izan dela argitu. Munduko beste lekuetan bezala, gurean ere antolamendu politiko eta sozialerako eskubidea dagoela baieztatu eta eskubidea ez ezik, udalen eta udal hautetsien arteko elkarlan instituzionala «beharrezkoa» dela deritzote. Sinatzaileen azken eskaera Madrilen abiatzear den zigor prozesua bertan behera uztea eta artxibatzea da.

Haien irudiko, Udalbiltzako kide izatea «ezin da delitutzat hartu» eta horrexegatik aurkeztu zuten atzo, Axular idazle klasikoaren ``Gero'' liburuan oinarrituta dagoen «Trikuaren erditzea». Kontakizunak dio, jaiotzear den trikuaren arantzek amari eragiten dioten minak erditzea atzeratzen duela baina, azkenean beti ateratzen dela amaren sabeletik trikuaren kumetxoa.

Fito Rodriguezek trikuaren mina «Madriletik datozen jazarpen eta epaiketekin» parekatu zuen; alabaina, bere hitzetan, «min horrek guztiak ez du Euskal Herria nazioa estatu izatea saihestuko».

Rodriguezekin batera, Josu Iraeta, Abelin Linazisoro, Juan Ramon Garai, Edorta Agirre eta Joxeaustin Arrieta izan ziren agerraldian; gainera, trikuarena@gmail.com helbideak berrogei bat atxikimendu jaso ditu dagoeneko.

Odoluste ekonomikoa

Bi ordu lehenago, hainbat pertsona ezagun eseri ziren hedabideen aurrean, besteak beste, Emakundeko zuzendari ohi Txaro Arteaga, Lakuako Hezkuntza sailburu ohi Maria Anjeles Iztueta eta Juan Ramon Guevara, Pedro Miguel Etxenike, Juan Jose Pujana, Jesus Mari Mujika eta Ramuntxo Camblong eta «Egunkaria»ren kontrako epaiketak sortuko dituen kostu ekonomikoei aurre egiteko elkartasun dinamika aurkeztu zuten.

Auzipetuek Madrilera egin beharko dituzten bidaien, egonaldien eta defentsaren kostuak aintzat hartuta, 500.000 euro inguruko gastuak izango dituztela azaldu zuten ekimenaren bultzatzaileek. Hala, diru kopuru hori batzeko, datozen egunetan jendeak bere ekarpena egin dezan aurrezki kutxa eta bankuetan «Egunkaria-epaiketa» izenpean kontu korronteak irekiko dituztela jakinarazi zuten. Komunikabideen bidez emango dituzte egunotan kontu horien zenbakiak eta lortutako dirua behar baino handiagoa bada, euskara eta euskal prentsaren inguruko gizarte ekimenetara bideratuko dutela jakitera eman zuten.

Auzipetuekiko «elkartasun aktiboa erakusteko unea» iritsi dela adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek, eta «elkartasun adierazpen hutsetatik haratago, borondatezko diru ekarpena egitera» dei egin zieten euskal herritarrei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo