GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Agintari espainolak «Alakrana auzia» egunetik egunera zailtzen tematuta daudela ematen du

Urriaren 2an pirata somaliarrek «Alakrana» bahitu zutenetik, Gobernu espainolak eman dituen pauso guztiek egoera zaildu dutela ematen du. Lehenengo, ustez bahitzaile taldeko kideak ziren bi lagun atxilotu zituen Armadak, eta biak Madrilera eramateko agindu zuen norbaitek. Oraindik argitzeke dago nork hartu zuen erabakia, eta honen kontura epaile eta politikariak elkarri ardurak egozten aritu dira, baina argi dagoena da erabaki horrek negoziazioak zaildu dituela. Horren ondoren, atxilotuetako bat, adina aitzakia gisa erabilita, batetik bestera eraman zuten, inolako errespeturik gabe. Honek ere mesede handirik ez zuen egingo. Duela egun batzuk piratek beren bi kideen askatasuna ezinbesteko baldintza zela aldarrikatu zutenean, bazirudien gauzak aldatu egingo zirela, baina azken mugimenduek uste horiek ustelak zirela pentsarazi lezakete. Izan ere, bi atxilotuentzat kartzela zigor handiak eskatuko omen ditu Fiskaltzak, eta ez omen du akordiorik nahi biak Somaliara itzul daitezen. Pentsatzekoa da auzi honetan ardura dutenek dena ondo buka dadin planen bat izango dutela, baina horren zantzurik ez da inondik antzematen, eta egunak aurrera doaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo