GARA > Idatzia > Mundua

EBren sostenguaren bila, NBEn Estatu palestinar independentea eskatzeko

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak palestinar Estatu independentearen aldeko aldarrikapena egin dezan nahi du Aginte Palestinarrak, eta horretarako Europar Batasuneko ordezkariekin hitz egin zuen atzo.

GARA | RAMALA

Aginte Palestinarrak eskaera ofiziala egin zion atzo Europar Batasunari (EB) Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluan Estatu palestinar independente baten alde egin dezan.

«Gaur bertan [atzo] EBko 27 estatu kideetako ordezkariekin bildu naiz Ramalan, eta herrialde hauei Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan Jerusalem hiriburu izango duen Estatu palestinar baten alde bozka dezaten eskatu diet», adierazi zuen Saeb Erakat negoziatzaile palestinarrak.

Bilera honetan izan zen europar diplomazialari batek nabarmendu zuenez, palestinarren proposamenak ez du egutegi zehatzik aurreikusten eta Estatu palestinarraren alboan Israel egongo dela aipatzen du.

«Helburua Segurtasun Kontseiluak Israelen alboan egongo den eta 1967ko mugak izango dituen Estatu palestinarra onartzea da», gaineratu zuen diplomazialariak, Aginte Palestinarrak ez duela aldebakarreko estatu-aldarrikapenik egiteko inolako asmorik nabarmendu aurretik.

Estatu frantsesak, berriz, «aldebakarreko adierazpen bat estatu hau martxan jartzeko kaltegarria» izan daitekeela adierazi zuen Atzerri Ministerioko eledun Bernard Valeroren ahotik.

NBEko Segurtasun Kontseiluan herri honen independentzia onartzeko aldarrikapen bat eskatuko duela esan zuen Aginte Palestinarrak igandean, egun tronpaturik dagoen «bake prozesua» berriro martxan jartzeko asmoz.

Israelen erantzuna, ordea, espero bezain bortitza izan da, eta estatu-aldarrikapena gauzatuz gero, errepresaliak izango direla adierazi zuen lehen ministro Benjamin Netanyahuk.

«Aldebakarreko ekintza orok iraganean izandako akordioei esker emandako aurrerapausoak desegingo lituzke eta Israelen aldebakarreko ekintzei atea irekitzea ekarriko luke», nabarmendu zuen Netanayahuk. Hala, Aginte Palestinarrari «aurrebaldintzarik gabeko» negoziazioa berriro martxan jartzeko eskatu zion.

Mahmud Abbasek zuzentzen duen administrazioak Israelek kolonizazioa gelditzen ez duen bitartean ez dituela negoziazioak berrabiaraziko ohartarazi du.

Israelen mehatxuak

Netanyahu baino argiago mintzatu ziren bere alderdiko -Likud- ministroak eta errepresaliak zeintzuk izango liratekeen zehaztu zuten. Horien artean, Zisjordaniako legez kanpoko kolonia sionistak unilateralki anexionatzea dago, 1993an sinatu ziren Osloko Akordioak indargabetuz.

Ingurumen ministro Gilad Erdanek «joko arriskutsuetan» aritzea egotzi zien agintari palestinarrei Estatu independentea aldarrikatzeagatik.

Halere, Erdanek hau guztia ezerezean geldi daitekeen ikamika izan daitekeela gaineratu zuen. «Mahmud Abbasen irudia indartzeko barnera begira egindako trikimailu baten aurrean egon gintezke», esan zuen.

«Palestinarrek galtzeko asko dute aldebakarreko independentzia aldarrikapena egiten badute», nabarmendu zuen Netanyahuren gertukoa den ministro honek. «Aginte Palestinarrak Israelek aduana zergen kontura ematen dion dirua gal dezake», bota zuen Erdanek, eta, horrez gain, Zisjordanian kontrol gehiago jar litezkeela ere aipatu zuen.

hamas

Iazko neguan Israel Gazan sarraskia egiten ari zen bitartean, Aginte Palestinarrak Israeli Hamas desagerrarazteko eskatu ziola adierazi zuen atzo Avigdor Lieberman Atzerri ministro sionistak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo