Lau eta erdiko finalerdietako ligaxka
Aurkaria hobesteko bidea eman lezake azken jardunaldiak
Titin eta Martinez de Irujo dira gainerakoen emaitzen zain egon beharrik ez duten bakarrak, lau pilotariek finalerako sailkatzeko aukerak dituzten azken partidetan.
Jon ORMAZABAL
Kirol eta enpresa irizpideek talka egin dute berriz ere txapelketa batean, eta emozioz betetakoa izan daitekeen azken jardunaldiak mesfidantzarako eta espekulaziorako bidea eman lezake, hainbat konbinazio posible emanda. Ez dago, eta ez luke egon behar, pilotarien profesionaltasuna zalantzan jartzeko inolako motiborik; baina pentsa larunbatean Gonzalezek 22-11 irabazi diola Julen Retegiri eta, egoera muturrera eramanda, Irujo eta Titinen arteko partidako markagailua 21-13koa dela igandean. Lehen irakurketa «normal» batek Iberokoak partida bukatzera joan beharko lukeela ondorioztatzera garamatza, eta hartara finala nafarrak eta Gonzalezek jokatuko lukete. Baina Triciokoak tanto bat gehiago egingo balio, finala bere aurka jokatuko lukeela jakinda, ez al litzateke ulertzekoa izango Irujok zalantzak izatea, are gehiago Azkaingoak irabazi ziola jakinda? Enpresentzat gauza bera al da finalean Titin eta Irujo edota Irujo eta Gonzalez aritzea?
Beste kirol askotan gertatzen den bezala, jardunaldi erabakiorreko partida guztiak ordu berean hasita konpon liteke arazoa, baina telebista eskubide eta sarrera salmentak eraginda, enpresetako ordezkariek nahiago izan dute jardunaldia beti bezala jokatzea, pilotariak zurrumurru askoren jomuga izan daitezkeela ondo jakinda.
Aukera anitzak
Gauza da larunbatean Labriten Julen Retegik eta Gonzalezek jokatu aurretik, lau pilotariek finalean sartzeko aukerak dituztela, nahiz eta orain arte garaipenik eskuratu ez duen Julen Retegik ia-ia mirari bat behar duen, eta Titin eta Martinez de Irujo diren gainerakoek egiten dutenaren zain egon behar ez duten pilotari bakarrak.
EPELeko araudiari erreparatuta, bi dira berdinketa posibleak hausteko irizpideak. Berdinketa bi pilotariren artean gertatzen bada, ligaxkan elkarren artean irabazi duenak jokatuko luke finala. Berdinketa bi pilotari baino gehiagoren artean gertatzen bada, aldiz, berdinduta dauden pilotari horien artean dagoen tantoen aldeagatik erabakiko litzateke, eta berdinketak iraungo balu, ligaxka osoko datuak begiratuko lirateke.
Gauzak horrela, Titin abenduaren 8ko final nagusian izango da Irujori 16 tanto eginda, Julen Retegik Gonzalezi irabazita edota Irujori 15 tanto egin eta Retegik Gonzalezi Labriten 11 tanto egiten badizkio.
Martinez de Irujo, aldiz, Titini 22-20 irabazita finalean egongo litzateke, edota Triciokoak 21 tanto egin eta Retegi Gozanlezi 11 tanto egiteko gai bada. Galduz gero, Julenek 17 tanto sartu beharko lizkioke Azkaingoari.
Gonzalezek Retegiri irabazi behar dio eta Titinek Irujorekin gauza bera egitea itxaron. Bere partida irabazita, Irujok Titin 14 tantotan uztea izan daiteke beste aukera bat. Retegik aldiz, ezin ditu hiru tanto jaso aukerak izaten jarraitzeko.
Bere prestatzaile Joaquin Plazak atzo Radio Euskadin esandakoaren arabera, Triciokoa nahiko ondo dago, aurpegia handituta eta kolpea hartu zuen ingurua apur bat belztuta, baina atzo goizean apur bat entrenatzeko gai izan zen.
Inaxio Errandoneak atzo jakitera eman zuenez, eskaria ikusita, igandean Astelena pilotalekuak sekulako betekada izango du Titin eta Irujoren arteko partidarako.