GARA > Idatzia > Kultura

Nazioarteko VIII. Trikitixa Jaialdiak artista italiar, quebectar, frantziar eta euskaldunak izango ditu

Munduko eta Euskal Herriko soinujoleak elkarrekin ikusteko aukera izango da datorren larunbatean Donostiako Victoria Eugenia antzokian ospatuko den Nazioarteko Trikitixa Jaialdiaren zortzigarren edizioan.

p042_f01_96x96.jpg

GARA | DONOSTIA

Garaian garaiko teknologia berriek soinujoleengan izan duten eragina islatu nahi du aurtengo Nazioarteko Trikitixa Jaialdiak. Larunbat honetan Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 19.00etan hasita, kanpokoen jotzeko moldeak ezagutu eta Euskal Herriko soinujoleen artetik hainbat proposamen berri entzuteko modua izango da. Aurtengo partaideak Italiatik, Quebecetik eta Estatu frantsesetik iritsiko dira eta Euskal Herriko lau talde izango dituzte ondoan.

Riccardo Tesi italiarra akordeoi diatoniko jotzailea da. 1981ean «Il ballo della lepre» diskoa argitaratu zuenetik, hainbat proiektutan parte hartu du, guretzat ezagunena John Kirkpatrick, Marc Perrone eta Kepa Junkerarekin batera sortutako «Trans Europe Diatonique». Bere azken lana «Solo organetto» izenburupean argitaratu zuen orain bi urte.

Raynald Ouelletek, berriz, 1970ean hasi zuen bere ibilbidea Éritage taldearekin, eta lehenengotarikoak izan ziren bertako musika Quebec-eko mugetatik kanpora eramaten.

Joan Frances Tisner frantziarrak akordeoi diatonikoarekin eta kantuarekin Gaskoinako dantza errepertorioa ekarriko du Donostiara. Verd e Blu taldean kide duen Marc Castanet izango du ondoan.

Euskal Herria ordezkatuz honakoak arituko dira: Laja eta Poxpi, Bunpada Sound, Herrikojak eta Esne Zopak. Iñaki Garmendia Laja trikitilariak Poxpi saxofonistaren laguntza izango du eta erritmo-kaxa esaten zaion tresna elektronikoaren laguntzarekin igoko dira oholtzara. Rap eta rock doinuak ekarriko ditu Bunpada Sound hirukoteak. Asier Ercilla, Endika Lahaine (121krew) eta Dav/bid Nanclares-ek osatzen dute.

Herrikojak taldeak, bestalde, «eskual rokanrola, ie-ie abertzale eta nafar ritmanblusa» zertan datzan erakutsiko dute. Azkenik, Esne Zopak, Esne beltza taldearen proiektu berriak itxiko du jaialdia, Xabi Solano, Jon Mari Beasain eta DJ Zigorren eskutik. Trikitia oinarri, abesti berriak molde zaharrean jorratuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo