GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Jaunartzea egiteko prestatzen ari nintzela ohartu nintzen niri egiten zidatena ez zela `zuzena'»

Normalean arriskua kanpoan dagoela pentsatzen dugun arren, okerrena etxe barruan gertatzen omen da. Hala diote, behintzat, umetan sexu gehiegikeriak jasan izan dituztenek. Atzokoa, haurren kontrako sexu-abusuak salatzeko nazioarteko eguna, gizarteko gaitz honen kontrako aldarria egiteko eguna izan zen.

p020_f01.jpg

Janire ARRONDO I

Lau urte zituenean bere amonaren ahizparekin eta haren senarrarekin utzi zuten gurasoek Sonia ¯bere benetako izena erreportajean agertzea ez du nahi¯ eta urte gutxitan hasi zen bere amesgaiztoa. GARAri azaldu dionez, etxeko garbiketa lanak egiten pasatzen zuen eguna, eskolara joan gabe. Zortzi urte zituenean, gizona sexu gehiegikeriak egiten hasi zitzaion; amonaren ahizpak, berriz, ezikusiarena egiten zuen. «Gauero isiltasunean hurbiltzen zen niregana, eta abusatu egiten zuen nitaz», oroitu du.

Zazpi urtez jasan behar izan zituen Soniak, umea zela, gehiegikeria horiek. «Lur jota nengoen, haurtzarorik gabe, nerabezarorik gabe, gurasorik gabe, izaerarik gabe», aipatu du. Soniak bi anaia zituen, baina ez zekien ezer haiei buruz. Eta horretan guztian, okerrena, ezin izatea inorekin hitz egin, beldurra ematen baitzion. Hamabost urte zituela bere buruaz beste egiten saiatu zen.

Ondorio latzak utzi zizkion Soniari umetan bizitakoak. Oraindik ongi gogoratzen du ia 30 urte zituenean sentitzen zuena. «Atzera begira bizi nintzen», azaldu du berak, eta horri guztiari alkoholarekin zituen arazoak gehitu zitzaizkion.

Argeriñe Zabaletak ere gisa bereko gehiegikeriak jasan behar izan ditu haurtzaroan zein gaztetan. Miranda de Argan, Nafarroan, jaio eta hazi zen Zabaleta, eta berak GARAri kontatu dionez, bost gizonen eskutik jasan ditu gehiegikeriak. Lehen jaunartzea egiterakoan, aurreko prestatze lanetan egiten zizkioten galderen ondorioz ohartu zen Zabaleta berari egiten ziotena ez zela «zuzena». Sei urte zituenetik egiten zizkioten gehiegikeriak. Herri bereko gizon bat zen bere erasotzailea eta gurasoak alabari gertatzen zitzaionaz jabetu zirenean, gizona salatu egin zuten, eta espetxeratua izan zen. Hilabete baten bueltan ordea, berriro kalean zen gizona.

Gogoan du herriko familia ugari bere alde atera zirela, baina, beste asko erasotzaileen alde. Epaiketan, esaterako, erasotzaileak herriko alkatearen, parrokoaren eta Guardia Zibilaren babesa izan zuen. «Zigorgabetasun horrek eman zien gainerako erasotzaileei beldurrik gabe aritzeko bidea», salatu du Zabaletak. Izan ere, herri bereko beste lauk gehiegikeriak egin zizkioten.

Azkenean, halako gehiegikeriarik gehiago ez jasateko, Bilboko ikastetxe batera eraman behar izan zuten gurasoek.

Sexu gehiegikeriak jasateak, gerora, autoestima arazoak, nork bere burua erruduntzat jotzea, erlazioak izateko arazoak... denetariko ondorioak dakartzala dio Zabaletak. Orain, 53 urte ditu berak eta argia ikusi ahal izan du antzeko bizipenak izan dituztenekin elkartu eta gertatutakoa kontatu duenean.

Laguntzeko terapia

Soniak ere 55 urterekin hartu zuen bere bizipenak kontatzeko erabakia, eta orduan hasi zen gertatutakoa gainditzen.

Biek Gipuzkoako Abusu Sexualak Jasandakoen Erakundean (GASJE) ezagutu zuten elkar. Halako sexu erosoak umetan jasatean, ondorio larriak geratzen dira gerora begira, tratu txarrak jasan dituen haur baten parekoak. Biktimak ez badu laguntza psikologiko egokirik jasotzen, ezinegonak heldutasunean ere jarrai dezake. Hain juxtu ere, laguntza hori eskaintzen dute elkarteko kideek.

2006an sortu zen GASJE elkartea Donostian, eta gaur egun 18 kide inguru ditu. Laguntza psikologikoaz gain, abokatuen aholkularitza ere eskaintzen dute. Haurtzaroan edo gaztaroan sexu gehiegikeriak sufritu dituztenei zuzenduriko taldeko terapiak egiten dituzte elkartean, eta Maite Azanza psikologo eta sexologoa da horiek gidatzeaz arduratzen dena. Eurek argi dute haurtzaroan sufritutakoa gainditzeko, horretaz hitz egitea bezalakorik ez dagoela. Talde terapietan bakoitzak zalantzak, ezinegonak eta beldurrak kontatu eta ondoren irtenbideak bilatzen saiatzen dira.

Urtero, azaroaren 19an, kalera irteten dira Donostian elkarte honetako kideak. Euren nahia gizartean arazo hau ezagutzea da, «jendeak bestaldera begira ez dezan». Arazo horren inguruko isiltasuna amaitzea garrantzitsua dela diote, horrek erasotzaileei bakarrik egiten baitie mesede.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo