GARA > Idatzia > Kultura

ESZENAK

Kontraportadako albisteak

Alakrana, A gripea eta krisia egunkarietako portada izan diren egun nahasi hauetan, kontraportadan, zorro-zorro bada ere, euskal antzerkiak berean dirau. Izan ere, Azpeitiko 27. Euskal Antzerki Topaketak aurrera doaz eta euskara hutsean sorturiko antzezlanak ikusteko aukera eskaintzeaz gain, hausnarketarako beta ere izan dugu.

Joan den astean, euskal antzerkiaren egoerari buruzko gogoeta gunea izan zen, eta bertan, euskal herritarrok antzerkiarekiko dugun ohitura, interesa eta kontsumoari buruz hitz egin zuten, besteak beste. Euskal gizarteko lagin bati kulturari buruz eginiko inkesta baten inguruan, sektorean lanean daramaten hainbat jakitunen eta entzuleen gogoeta eta galdeketan oinarritu zen mahai-ingurua. Esan beharrik ere ez dago, hausnarketarako material anitz atera zela bertatik, baita hainbat ondorio ere. Hala nola, euskaldunok, musika eta irakurtzea dugula jarduerarik gogokoena, lirika dela gutxien interesatzen zaiguna eta antzerkiari dagokionez, beste gauza askoren artean, interesik badagoela. Interesetik ekintzara tarte handia badago ere, ez da gutxi.

Eta interes honekin loturik, Arte Eszenikoen Zentroari buruz mintzatuko naiz, ze interesa duen zerbaitek izan beharko du ba instituzioen aldetik sostengua, ezta? Ba antza denez, 2011-2012 ikasturtean izango dugu hainbestetan eskaturiko Euskal Herriko Arte Eszenikoen Zentro Ofiziala Bilboko erakustazoka zaharrean. Antza denez, zentroak arte dramatiko eta dantzako prestakuntza arautua eta ez arautua eskainiko du hasiera batean, teknikariak, eszenografoak, dramagileak eta abar trebatzeko pausoa geroago emanez.

Eta ez hori bakarrik, urte honetako lehen seihilekoan antzerki kontratazioan gertatu den %30eko motelaldia dela-eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Eskenak, programa berezi bat planteatu du antzerkigintzako euskal enpresa eta aretoei bultzada bat emateko: Antzerkia Bultzatuz programa, hain zuzen ere. Honekin, hasierako aurrekontua %83 handitu dute datorren urteko urtarrilera arte, aurreikusitako emanaldi kopurua %53 igoaz. Ondorioz, antzokietako euskal antzerkiaren programazioa %28 igo da. Beraz, poliki bada ere, euskal antzerkia bere bidea egiten ari zaigu.

Eta datuak alde batera utzita, gatozen antzokietara, izan ere, Santurtziko nazioarteko jaialdia ere badoa aurrera eta gaur bertan, Leo Bassiren azken lana ikusteko aukera izango dugu, «Utopia». Antzezlan honetan, itsu antikapitalista batek cavarekin ospatuko du egungo krisia, eta XIX. mendeko historiaren laburpen txiki bat eginez, iraultza ludiko-sozial bat sortu nahiko du, utopiak nahitaezko direla aldarrikatuz.

Bihar berriz, Gorringo taldearen azken lanaren estreinaldia ikusterik izango dugu Villabonako antzokian. «Kutsidazu bidea, Ixabel» antzezlan arrakastatsuaren ostean, «Xabinaitor» lan berriarekin datorkigu taldea. Patxi Gallegoren komiki pertsonaian oinarrituriko antzezlan honetan, krisi baten ondorioz, ahalmen harrigarri batzuk lortu eta poxpolinak salbatzera dedikatuko den gazte baten prozesua ikustea izango dugu. Kritika sozial apur bat izanda ere, publikoak barre egiteko lana dela dio Anartz Zuazua zuzendariak. Eta ikusitakoak ikusita, ez ote da hobea izango osasunarentzat aldizkariak kontraportadatik irakurtzen hastea... honela, agian, A gripeaz kutsatzeko arrisku gutxiago izango dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo