Gaur banatuko dituzte Zinebiexpress Film Laburren Lehiaketako sariak
Zinebiexpress Film Laburren Lehiaketako saridunak zein diren gaur emango dute jakitera, Bilboko Zabalgune eraikinean egitekoa den jaialdian. Hain zuzen ere, 600 euroko lehenengo saria eta 300 euroko bigarren saria banatuko dituzte. Aurretik, arratsaldeko zortzietan, Zinebiexpressen bigarren edizio honetan finalista izandako film laburren emanaldia izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, «Bilbo eta itsasadarra» zen filmatutako pelikula guztiek oinarritzat hartu behar zuten gaia, nahiz eta zeharka izan. Horrez gain, kanpoaldeko eszena guztiak Bilbon filmatu dira, azaroaren 14an eta 15ean. Aurtengo epaimahaiko kideak ondokoak izan dira: Gabriel Villota, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea; Arantza Ibarra, idazlea, gidoigilea eta zinema zuzendaria; eta Shanti Basauri, konpositorea eta musikaria. Guztira 54 zinemazale-taldek -iaz baino 11 gehiago- eman dute izena Zinebiexpress lehiaketaren bigarren edizio honetan. Gehienak Bilbokoak dira.