XABINAITOR, KOMIKITIK ANTZERKIRA
Xabinaitor, super heroiaren botereak agerikoak direnean
Xabinaitorrek komikiko orrialdeetan marraztuta berezitasunik badu, zer esanik ez hezur eta haragizko pertsona baten azalean jarriz gero. Gorringo taldea, Anjel Alkain eta Mikel Pagadizabal protagonistatzat hartuta, Patxi Gallegok sortutako pertsonaia antzerkira eramaten ausartu da. Anartz Zuazuaren zuzendaritzapean, bihar estreinatuko dute Villabonan Euskal Herriko super heroi sexualenari eskainitako lehenengo antzezlana.
Ariane KAMIO |
Sexuaren inguruko estereotipoak milaka dira munduan; eta Euskal Herrian, beti bat gehiago. Hemen ez dela ligatzen esan ohi da, eta sexuaz hitz egiteko askatasuna estu eta larri ibili izan da (eta badabil gaur egun ere) espazio libre bat bilatze lanetan. «Nesketan egiteko» (Azpeitiko bi lankidek esaten duten moduan) girorik onena parrandan sortzen dena dela esan ohi da. Alkoholaren deabrukeriari jarraiki, gai librean aritzeko aukera baliatzen du normalean isilik, lotsatuta eta hitz jario laburra izaten duenak. Larrualdi baterako (edo larrialdi baterako, nondik begiratzen zaion ikusi behar) aproposa izan daitekeena parez pare izaten den unean, egiten den lehenengo gauza begietara begiratzea izaten dela dio maitasunaren eskuliburuak. Baina zertarako begietara begiratu lurrinen jarioa gidari izateko aukera dagoenean? Erantzuna, Xabinaitorrek dauka.
Patxi Gallego marrazkilariak (1973, Errenteria) sortutako pertsonaiaren izaera eta nortasuna aintzakotzat hartu ditu Gorringo antzerki taldeak super heroia komikietako paperetik atera eta agertokiaren gainean jartzeko. Anjel Alkain eta Mikel Pagadizabal, Pagadi, protagonista dituen antzezlana Xabinaitorren «trastornoan» oinarritzen da. «Xabi Lizuniaga, Xabinaitor, (Pagadik antzeztua) dagoen egoerara nola iritsi den kontatzen du, komikietako lehenengo aleak egiten duen bezala -azaldu zuen Alkainek-. Xabik arazoak ditu bere inguruarekin; neskak direla, politika dela, futbola... Arazo horiek konpontzeko, hainbat lekutara joaten da, eta bitartean Euskal Herriko poxpolinak salbatzen aritzen da. Haiek usainduz badaki euskaldunak diren ala ez, kristoren boterea daukala konturatzen da». Pagadiren begietan, «sexuarekin eta harreman sozialekin trauma bat duen pertsonaia da, eta hortik sortzen da super heroia. Hala ere, pixka bat anti heroia ere badela uste dut; gauzak batzuetan ondo ateratzen zaizkio, baina hurrengoa agian gaizki egiten du eta zuzentzen saiatzen da... Dakidan bakarra da poxpolinak usaintzen artista dela, batez ere euskaldunak direnak, beren usain bereziagatik», esan zuen.
Alkain, bada, ertzainaren azalean sartu da, super heroiaren atzetik doan poliziaren barrenean. Berarekin batera, laguntzaile bat badu, lan komikoekin bat, fundamentua aspaldian galdutako dohaina duen kamarada. Euskal poxpolina, azkenik, Ainere Tolosaren esku geratu da.
Obrak dituen «ironia puntuak eta kritika sozial apurra» dira Gorringo taldeari erakargarri egin zitzaizkion elementuak, baita euskal aurreiritzien inguruan hitz egitea ere. «Kutsidazu bidea, Ixabel» egin zutenetik, telebistan buru-belarri lanean aritu dira eta dabiltza, baina beste norabide batera begira jarri ditu lan horrek. «Euskaraz sexuaz eta gizarteaz estilo horretan hitz egiten duen lanik ez dagoela uste dut -gaineratu zuen Alkainek-. Istorio urbano bat da, eta horrek bultzatu ninduen proiektu honetan sartzera, beti besteetan jotzen dugulako istorio ruraletara. Nolanahi ere, linguistikoki ez da urbanoa, finean bakoitzak bere etxeko hizkuntza erabiltzen du».
Gorringo taldeak urte asko darama taula gainean lanean, eta abantaila ugari aurkitzen dizkio aktoreak egoera horri. «Gustuko dudan jendearekin lan egin nahi dut; hobeak edo txarragoak izango dira, baina konfliktiboa ez den jendearekin lan egin nahi dut eta soluzioak ematen dituen jendearekin. Uste dut oso ongi funtzionatzen dugula elkarrekin; ondo ezagutzen dugu elkar, badakigu bakoitzak zer dakien egiten, zuzendariak ere ezagutzen gaitu eta niretzat horrek erraztu egiten du guztia. Egia da `Kutsidazu bidea, Ixabel' egin genuenetik hiruzpalau urte daramatzagula telebistan buru-belarri eta aldaketa egon dela batetik bestera, baina antzerkian badago gauza guztietako nahasketa».
Antzezlana larunbatean estreinatuko da Villabonako Gurea antzokian, emanaldi bikoitzean (20.00 eta 22.30), eta aurreneko emanaldi horren ondoren geldialdia egingo du taldeak. Orain Urtezahar gaueko programazioa prestatzen hasiko dira telebistan, baina urtarrilean itzuliko dira antzezlanarekin; 22an Ordiziara, otsailaren 5ean Tolosara, Arrasatera... Taldearen asmoa jendeak barre egitea bada ere, euskaraz bakarrik lan eginda, herri txikienetara iristea ere badela esan zuen Alkainek eta ahalik eta toki gehienetan egoten saiatuko direla gaineratu zuen.