«Betiko ildoan gauza onak egiten dira, baina eremua zabalduz emaitza hobea da»
Musika talde gutxi izango dira gurean azken urteotan Des-Kontrol taldeak adina agertoki zapaldu dituztenak: gaztetxeak, herriko plazak, jaialdiak edota txosnaguneak izan dira taldearen jomuga. Zuzenekoetan kasik etenik egin gabe, «Aurrera Begira» disko berria grabatzeko denbora hartu dute, taldearen bidean zazpigarrena.
Koldo OTAMENDI I
Des-Kontrol underground giroetan ibili zen lehen urteetan, zigilu txikien bidez diskoak argitaratuz, eta Euskal Herriko gaztetxe guztiak zapalduz. Disko bakoitzean, eta batez ere zuzeneko bakoitzean, taldearen sona handituz joan zen hasierako promesa zena errealitate bihurtuz. Azken urteotan aldaketak izan dira taldean, eta Hodeik hartu du mikrofonoaren ardura, baxuaren lau sokak astintzearekin batera. Arkada Social-ean erakutsi bezala, ahots lakar eta oldarkorrez punk ukitua eragin die kantu berriei, eta eragin berriek bidea egin dute, musika eremua zabaldu den heinean. Gaur Ormaiztegin arituko dira zuzenean eta abenduaren 5ean aurkeztuko dute diskoa, Durangoko Azokan, emanaldi berezi batean.
Hiru urte luze izan dira kantu berriak dakartzan diskorik gabe. Taldearen hamarkada ospatzeko CD-DVDa eta «Hipokresia eta faxismoaren aurka» lana atera arren, entzuleak jadanik kantu berrien esperoan ziren.
Gure hasierako ideia 2008an disko berria sortzea zen, baina taldearen inguruko egoerak ez zuen utzi halakorik egiten. Gure inguruan sortu zen hika-mika guzti horrek irentsi gintuen eta «Hipokresia...» diskoan aritu ginen buru-belarri. Azken urte honetan gure kantuekin aspertu garen lehenak gu geu izan gara, eta egia esateko, azken boladan gure motibazio maila ere jaitsi egin da kontzertuetan. Disko berria jada kalean, kantu berriak jo nahi ditugu zuzenean, irrikaz gaude kantu zerrenda aldatu eta ikusleen aurrean abesti berriekin azaltzeko.
«Duintasunez eutsi» diskoarekin Des-Kontrolek ohikoa zuen ikusleria zabaldu zuen ehunka zale berri erakarriz taldearen ingurura. Lan hori taldearen arrakastaren mugarria izan zen.
Diskoa egin eta gerora konturatu ginen horretaz. «Duintasunez eutsi» ezberdina izan zen aurrekoekin alderatuz, eta betiko ildoa hor zegoen arren, gauza berriak baziren lan horretan. Askoren esanetan Ameriketako Estatu Batuetatik egin genuen birak eragin handia izan zuen emaitzan, baina bira egin aurretik diskoa eginda eta grabatuta zegoen. Beraz, ez dut uste eragin asko izan zuenik. Disko horri esker beste ikus-entzule multzo batera heldu gara, eta hori oso gauza handia da guretzako. Zuzenean bilatu ez arren, publiko berria eta gaztea gerturatu da gurera. Loteria txiki hori tokatu zaigu.
Zentzu horretan, underground eszenatik diskoetxeen mundura igarotzean nabaritu du taldeak entzuleen gorakada. Promozio lana, diskoaren banaketa zabala, edota komunikabideen harrera lagungarria izan da taldearen izena zabaltzeko.
Faktore horiek garrantzitsuak izan daitezke, baina eguneroko lana dago horren guztiaren atzean. Diskoetxe batean egoteak baditu zenbait gauza on: zure diskoa edozein dendetan topatzea, irratietan batzuetan jartzen dutela eta komunikabideak kasu egiten dizutela. Alta, kaleko jendea izan da taldea aurrera bultzatu duena.
Lan berria egiterakoan, presiorik sentitu al duzue…
Sorkuntza mailan ez du batere eraginik izan. Disko berria egin behar genuela erabaki genuenean, kantuak sortzen hasi ginen entsegu lokalean, kanpoan zer zegoen pentsatu gabe. Grabaketa eguna gerturatzen ari den horretan sentitzen da presio apur bat, baino une horretarako kantuak eginak daude jada. Disko honetarako inoiz baino gehiago estutu dugu geure burua, gu izan garelarik kalitatezko lana exijitzen lehenak.
Disko berrian murgilduz, inoiz egin duzuen lanik anitzena da…
Egun ez dugu soilik punk-oi! musika entzuten. Burua zabaltzen duzun heinean, gauza berriak entzuten dituzu eta horrek sorkuntzan ere eragina du. Agian, urteetan aurrera goazen seinale da... AEBetako birak hein horretan badu errurik. Lehen ez genion aukera askorik ematen zenbait musika estiloei: lehen entzunaldian gustuko ez bagenuen, kanpora. Orain ordea, gehiago sakontzen dugu musikan. Entzun, berriz entzun, eta apurka gauza interesgarriak topatzen dituzu. Musika kontsumitzen dugunok badakigu zenbait disko behin baino gehiagotan entzun beharrekoak direla, barruan dagoena topatzeko. Betiko ildo berean gauza onak egin daitezke, baina perspektiba zabalduz askoz ere eremu handiago dago jarduteko.
Lan berrian badago soinu aldaketa bat. Gitarretan, esaterako, 80ko britainiar punk izpiritua berreskuratu duzue.
Hala da. Gitarretan badago soinu aldaketa bat. Egun erabiltzen ditugun Bogner anplifikadoreak antza handia dute Marshall-ekin, horiek markatu zuten 1980ko hamarkadako britainiar punka. Kantu azkarretan berriz, hardcore amerikarraren eragin argia dago. Aurreko ildoa hor dago, baita kantu azkarragoak ere. Badira bide berriak, country edo ildo akustikoa esaterako. Disko oso irekia da.
Agian, Des-kontrolek inoiz egin dituen kantu oldarkorrenak disko honetakoak dira.
Kantuen sorkuntzan bi aro argi daude. Taldearen inguruko afera horrek guztiak eragin handia izan zuen gugan, eta horren ondorioz gorrotoa eta ezinegona ederki sumatzen dira kantu batzuetan. Garai horretakoak dira «Eromena» edota »Skunx» kantak esaterako. Beste une bat badago, baikorrago azaltzen gara, eta doinu alaiagoak edota festazaleagoak nagusitzen dira. Zentzu horretan, estudioan bertan, aurrez pentsatuak ez genituen gauza asko atera dira, eta horietako batzuk aurrera egin dute: Hauze sekzioa, gaita... Nahiz eta saiatu entsegu lokaletik guztia prestatuta eramaten, gauza dezente utzi ditugu azken unerako. Ezin dugu ekidin, horrelakoak gara.
Taldearen ibilbidean izan dira ere pasarte ilunak, edo ez hain gustukoak. «Hipokresia eta Faxismoaren aurka» diskoan argi utzi zenituzten gauzak. Hala ere, disko berrian bada aferari keinurik. «20 ukabilen babesean» kanta, esaterako, aldarri argi bat da.
Taldearen inguruan esan diren gezurren aurrean amorruz idatzitako letra da. Kantuak, une zehatz bat islatzen du, egun batean bizitakoa, baina orokorrean har daiteke. Des-Kontrol taldearekin daramagun 13 urteak faxismoaren kontra borrokatzen eman ditugu, eta orain, gu omen gara fatxak. Ez du ez buru ez hankarik: ezin dugu ulertu. Internet bidez batez ere kaka asko zabaldu da, eta aurreko diskoarekin gure ideiak argi utzi nahi izan genituen.
Hortaz, atzera begira bizi gabe, beti «Aurrera begira»…
Des-Kontrol beti egon da aurrera begira. Ezin dugu atzera begira egon, nostalgiaz, igarotako garaiei so. Urte hauetan guztietan egin dugun bidea ez dugu ahaztu, eta harrotasunez aldarrikatzen dugu egindakoa. Baina aurrera begira bizi behar dugu, erronka berriei heldu eta bidea egin.
Punk Oi! giroetan abiatu zuen Des-kontrolek bere bidea duela hamahiru urte R.I.P., Zakarrak edota Puñetazo taldeen oinordetza hartuz. Gaur egun bizirik eta osasuntsu dagoen eszena indartzen ezinbesteko taldea izan zen arrasatearra, baita erreferente nagusia bidean diren hamaika talderentzat. Alta, urteen poderioz, musika eraginen lurraldea handitu du Des-Kontrolek, tartean 2006ean Ameriketako Estatu Batuetatik eginiko biran ikusi eta ikasitakoari esker. Lan berrian Punk Oi! giroak badira, baita hardcore oldarkor, punk-rock azkar edota country joerak ere. Norabide berriek ere tokia izan dute, haize sekzio koloretsuak agertzearekin batera.K. O.