GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pasaiako portuaren egitasmoan Udalak eta herritarrak aintzat hartzeko eskaria

Ingurumen Ministerioaren dokumentuak Pasaia eta Lezoko udalek aurkeztutako ekarpenen alde egiten duela ulertuta, pozik agertu ziren bi herrietako alkateak eta portuaren geroa herritar eta udalekin batera hausnartzeko gonbita egin diote Portu Agintaritzari.

p018_f01_132x132.jpg

GARA |

Gobernu espainolak Pasaiako Portu Agintaritzari kanpoko portua ez ezik, beste aukerak ere kontuan hartzeko eskatu ondoren, Pasaia eta Lezoko udalek proiektuari egindako ekarpenak «neurri handi batean» onartuak izan direla nabarmendu zuten atzo prentsaren aurrean bi herrietako alkateek. Izan ere, portuko jarduera direnak eta ez direnak bereizi behar izatea da udalek egindako eta Gobernu espainolak berretsitako «ekarpena nagusia», haien irudiko.

Ingurumen Ministerio espainolak egindako «Erreferentzia dokumentua» Pasaiako Portu Agintaritza, Gipuzkoako Foru Aldundi eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberantzat, «ezezko argia» dela-eta, pozik agertu zen Maider Ziganda Pasaiako alkatea. Erakunde horiek, inolako alternatiben azterketarik egin gabe eraiki nahi dute kanpoko kaia eta horri «herritarrei xantaia egitea» dela deritzo alkateak, kanpo kairik gabe badia biziberritzea ezinezkoa dela baitiote haiek.

Zigandaren aburuz, ordea, badiaren biziberritzea egungo kaian portu jarduera mantentzetik etorriko da; «jarduteko hobekuntzak eginaz, trafiko berriak bilatuz, lan egiteko modu berriak bilatuz», defendatu zuen.

Aitzitik, kanpoko kaia eraikitzeko arrazoi bakarra, «bertan bonba energetiko bat jartzea» dela uste dute bi alkateek. Izan ere, sustatzaileek badia eta portua biziberritu nahi dutela dioten arren, alkateen arabera, «energi proiektu ikaragarri bat ezkutatu nahian dabiltza». Eta asmo horren aurrean «ezezko borobila» emango dutela berretsi zuten bi udal ordezkariek.

«Erreferentzia dokumentua»k gainera, biziberritze hau herritarrekin eta hirigintzan eskumena duten administrazioekin egitera behartzen duela gogoratu dute alkateek, eta beraz, portuaren alternatiba azterketak, udalek hirigintza esparruan hartzen dituzten erabakien arabera moldatu behar dituztela jakinarazi zuten.

Lezoko eta Pasaiako herritarren osasunaren kalterako izango den azpiegitura egiten ez dutela utziko adierazi zuten argi.

Era berean, Portu Agintaritzak berearekin jarraitzen duen bitartean, Pasaialdeko biziberritzea «eperik gabe atzeratzen eta oztopatzen» ari dela salatu zuten agerraldian, eta horren erakusle aipatu zituzten, besteak beste La Herrerako eremua edo Lezoko saihesbidea. «Xantaia hori egitea onartezina da», salatu zuten.

MIguel BUen

Agerraldi amaieran, Portu Agintaritzako presidente Miguel Bueni zuzendu eta «erokeria» hau baztertzeko galdegin zioten. Herritarren osasuna eta bizi kalitatea aintzat hartzeko eskatu zioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo