Haritz SOUND SYSTEM I Kazetaria eta musika adiktoa
Herritarrok parte hartzea
Batzuei ahoa demokraziaz eta herritarren parte-hartzeaz betetzen zaien bitartean, beste batzuek praktikan jartzen dute.
Hernanin adibidez, hilabeteak dira herriak behar dituen azpiegituren inguruko prozesua zabaldu zela. Hasieratik, herritar guztiek azpiegituren inguruan ikusten duten beharraz iritzia emateko aukera izan dute eta bilera horietatik sortu diren hiru proposamen nagusiei buruzko galdeketa izango da datorren astean. Aste osoan zehar (asteburua barne) eta ordutegi zabal batean, 16 urtetik gorakoek herrirako beharrezkoen ikusten duten azpiegitura bozkatzeko aukera izango dute. Zentsuaren %20k baino gehiagok bozkatzen badu, Udalak bozkatuen ateratzen den egitasmoa ahalik eta azkarren egingarri egiteko urrats guztiak emateko konpromisoa hartu du.
Hiru proposamen horietako bat kulturgune baten eraikitzea da. Musika zale eta antolatzaile garenok askotan eskatu dugu horrelako azpiegitura bat. Harrigarria bada ere, Hernani bezalako herri biziak, ez du baldintza duinak eskaintzen dituen kultur azpiegiturarik. Urteetan dagoenarekin moldatu behar izan dugu eta, oztopoak oztopo, ahalik eta modu txukunenean egin dira gauzak. Azken urteotan, auditorium ponpoxoen eraikuntza ezagutu dugu herri askotan, eta horietako askok, herritarren beharrari baino itxurakeriari erreparatu diote. Hernanin herritarren parte-hartzeak bultzatuta, auditorium baten beharra nabarmendu da, baina instituzioek antolatutako ikuskizunen erakusleihoa baino, harantzago doan azpiegitura eskatzen dute. Udalaren eta herriko taldeen arteko kudeaketa partekatua eskatzen da, parte-hartzea ardatz izango duen funtzionamendua, heziketari garrantzi berezia emango diona eta euskara ardatz izanda ere, munduko kulturei atea zabalduko diena. Hasiera besterik ez da, eta azkenean kulturgunea bozkatuena ateratzen bada ere, oztopoz betetako prozesu luzea izango da, baina gutxienez herritarren parte-hartzean oinarrituta egotea espero dugu.
Lehen aldia da 30 urtetan Hernanin horrelako galdeketa egiten dela, eta prozedura hobetu behar bada ere, aukera paregabea da horrenbeste aldarrikatutako parte-hartzea praktikan jartzeko. Azkenean, %20ra iristen ez bada, askok, galdeketak eta herritarren parte-hartzea zalantzan jartzeko aitzakiatzat hartuko dute. Parte-hartzean benetan sinesten duenak ordea, ez du beste aukerarik, eta bide horretan sakontzen eta prozesua hobetzen saiatu beharko du. Ea Hernaniko adibidea beste herrietara zabaltzen den aurki.