GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroan ezarri nahi duten foru-aginduak «ikasleen kriminalizazioa eta arazoak areagotzea» bultzatzen duela salatu dute

GARA |

Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza zentroetarako bizikidetza arauak eta ikasleen eskubide-betebeharrak ezartzeko foru-aginduaren egitasmoaren harira, adierazpen bateratua igorri zuten atzo Sortzen Ikasbatuaz, Ikasle Abertzaleak eta LAB eragileek.

2009ko martxoan Nafarroako Gurasoen Mahaian aurkeztu zuten lehenengoz ikasleen eskubide-betebeharrak eta ikastetxeetako bizikidetza arauak ezartzeko foru-aginduaren egitasmoa. Sortzen Ikasbatuaz, IA eta LAB erakundeek lehen zirriborro horri hainbat emendakin aurkeztu zioten. Atzo azaldu zutenez, bigarren zirriborroa jaso berri dute, eta horrekin batera eskaera bat ere bai, «iradokizunik izanez gero, jakinarazteko», gaia Nafarroako Eskola Kontseiluaren esku geratu aurretik.

Hiru eragile hauen ustez, «izaera punitiboa du, erabat» azken zirriborro honen oinarriak. «Sortzen edo aurreikusten dituen hainbat egoerari erantzuna, oro har, zigor araudia da», azpimarratu zuten. Eskubideak baino betebeharrak aipatzen direla eta kontziliazioa edota artekaritza bezalako printzipio hezitzaileak «modu bakan eta sinbolikoan» besterik ez direla aipatzen salatu zuten.

Nafarroan agintean dagoen indar politikoaren «ideologian oinarritutako» zirriborroa dela argi antzematen zaiola, eta legez kanporatu duten ideologia jakin horren kutsua izan dezakeen edozein jarrera, ekimen edota adierazpen zigortu nahi dutela erantsi zuten, «sigla zehatzik aipatzen ez bada ere».

Zirriborro honen lege-esparrua «ezagutu eta bete beharreko Konstituzioa» eta Foru Hobekuntza da, esparru horrek «adierazpen askatasuna eta zuzentasuna markatzen dituelarik». Nafarroako institutuetan adierazpen askatasunak oro har jasaten duen murrizketa dela-eta sortu izan diren eta sor litezkeen gatazkak ikastetxean bertan modu arrazional batean kudeatzera baino, «ikasleen kriminalizazioa legeztatu eta bizikidetza arazoak areagotzera garamatza foru-aginduaren zirriborro honek».

Deia guraso, ikasle eta langilei

Ikastetxeek otsailera arteko epea izango dute zirriborro honen gainean eztabaidatzeko, eta Nafarroako Eskola Kontseiluan aurkeztua izan aurretik iradokizun zein alegazioak aurkezteko.

Gaiaren garrantziaz ohartuta, eta izan ditzakeen ondorioez kezkatuta, Sortzen Ikasbatuaz, IA eta LAB eragileek dei egin diete Nafarroako irakaskuntzak ezinbesteko dituen hiru estamentuetako kideei -guraso, ikasle eta langileei-, otsailera arteko epe horretan hausnarketak egin eta plazara ditzaten, foru-aginduaren egitasmoak amaiera «zentzudun bat» izan dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo