GARA > Idatzia > Ekonomia

Euskal Herriak arrantza politika propioa behar duela berretsi du LABek

GARA |

Europar Batasunak «arrantza politika bateratu» berri bati ekin nahi dio 2013an, eta honi buruz eztabaidatzeko jardunaldia egin zuten atzo Bilbon. Bertan parte hartu zuten EAEko, Estatu espainoleko eta Europako hainbat agintarik.

Hitzordu hori dela-eta, instituzioak «mozorro demokratiko eta parte-hartzaile baten bila» dabiltzala salatu du LABek, «arazoaren muinari helduko ez dion politika bat balioztatzeko». «Iraganak ondo erakutsi digu Europako arrantza politikek eta Madrilek nahiz Gasteizek egin dituzten politika horien ezarpen kaltegarriek zer ekarri dioten Euskal Herriari: gure arrantza pikutara bidaltzea», aipatu du sindikatu abertzaleak ohar batean. Hala, LABek aspaldi esandakoa gogora ekartzen du, Euskal Herriko arrantzaren arazoari «ikuspegi integral batetik heldu behar zaiola», egungo egoerara ekarri gaituen errealitatetik abiatuz.

Errealitate hori deskribatzeko, «epe laburreko etekinari» begirako «kontrol gabeko arrantza politikaren» emaitza dela diote. Bestalde, gaineratu dute «nazio gisa arrantza politika propioa izateko ezintasunak Madrilek eta Bruselak hartzen dituzten erabaki kaltegarrien menpe» uzten duela herri hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo