GARA > Idatzia > Mundua

Hauteskundeen atarian Zelayari bizkarra eman diote Costa Ricak eta AEBek

Nazioarteko komunitatearen baitako adostasuna amaitu da, erregimen kolpistak biharko iragarritako bozaldiari eta hortik eratorritako emaitzei zilegitasuna ematea erabaki baitute Costa Rica eta Ameriketako Estatu Batuetako presidenteek, Manuel Zelaya kinka larrian utziz.

p026_f01_199x116.jpg

GARA |

Bihar (igandea) Hondurasen izango diren hauteskundeen emaitza onartu egingo duela baieztatu zuen atzo Costa Ricako presidente Oscar Ariasek, eta, era horretan, bat egin zuen aurretik Ameriketako Estatu Batuek, Peruk, Colombiak eta Panamak hartutako jarrerarekin.

Ariasek bitartekari izateko ardura hartu zuen krisi politikoari irtenbide bat emateko abiatutako negoziazioetan, eta bera izan zen San Jose Hitzarmenaren sustatzaile nagusia.

Zelaya agintera itzultzea ezinbesteko baldintza zela defendatu zuen hasieratik, baina hauteskundeak «modu garbian» eginez gero, Hondurasen aurka hartutako neurriak bertan behera uzteko eskatu du orain, eta nazioarteko komunitateari ere dei egin dio, estatu-kolpe baten baitan abiatutako hauteskunde prozesua onar dezan.

Zentzuz jokatzea

«Azkenean zentzutasuna gailendu behar da», adierazi zuen, eta zentzuzkotzat jo gainerako herrialdeek igandeko hauteskundeetan izandako emaitzak onartzea, dena behar bezala eta «normaltasunez» eginez gero.

Hein horretan, Costa Ricak bat egin du AEBek, Panamak, Peruk eta Colombiak hartutako erabakiarekin, eta hala, zilegitzat ditu inkesten arabera Alderdi Nazionaleko Porfirio Lobok irabaz ditzakeen hauteskundeak.

Iragan asteazkenean Barack Obama presidente estatubatuarrak gutun bat bidali zion Lula Da Silva agintari brasildarrari, bozaldiei zilegitasuna aitortzeko arrazoiak azalduz, eta funtzionario batek idazkiaren edukia argitara atera zuen.

Bozaldien ondoren egoera «hutsetik hasiko» litzatekeela argudiatu zuen Obamak.

Aste honetan zehar, AEBetako Estatu idazkariaren albokoak, Arturo Valenzuelak, adierazi du hauteskundeak ez direla «de factoko gobernuak» irtenbide gisa asmatutako zerbait, ezta estatu-kolpea ezkutatzeko modu bat, Hondurasko herritarrei «burujabetzarako duten borondatea» gauzatzea ahalbidetuko dien prozesua baizik.

Nolanahi ere, Bolivia, Venezuela, Ekuador, Brasil eta Amerikako Estatuen Erakundearen (AEE) babesa, besteak beste, izaten jarraitzen du Zelayak.

BEHATZAILEAK

Hauteskundeetako Auzitegi Gorenak (HAG) baieztatu zuen bozaldietako behatzaileak Hondurasen direla. AEEk behatzailerik ez bidaltzea erabaki zuen, eta HAGkoek esan zuten ez dutela AEE edo NBEko «burokraten» beharrik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo