GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hemeretzi oiartzuar «lan politikoa egiteagatik» auzipetuta daudela ohartarazi dute

p017_f01_111x111.jpg

GARA | OIARTZUN

Hemeretzi oiartzuar daude une honetan Auzitegi Nazional espainolak ezker abertzalearen kontra abiaraziak dituen auzietan auzipetuak. Auzipetu kopuru hori eskubide zibil eta politikoen urraketaren «adibide garbia» dela deritzo Oiartzungo amnistiaren aldeko mugimenduak, eta Euskal Herriak bizi duen errealitate hau salatzeko prentsaurreko jendetsua egin zuten atzo presoen eskubideen aldeko ohiko elkarretaratzearen ostean.

Agerraldian, Euskal Herriko antolakunde, alderdi eta erakundeak legez kanpo uzteko Estatu espainolak «asmatutako salbuespen lege eta ebazpen judizialak» bertan behera utzi beharrekoak direla nabarmendu zuten. Era berean, atxiloketa aldietan inkomunikazioa baimentzen duten legeak ere alboratzeko eskatu zuten Oiartzunen.

Euskal Herrian, proiektu politiko guztiak defendatzeko eta horien alde lan egiteko eskubidea bermatua izatea «ezinbestekotzat» jo zuten eta agertoki horren aldeko sostengua erakustera gonbidatu zituzten herritarrak. Era berean, eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoen aurrean erantzutera dei egin zuten; izan ere, haien aburuz «herritarrok eraikitako harresiak geldiaraziko du errepresioaren kolpaketa etengabea».

Agerraldian auzipetutako lagun andanak parte hartu zuen, horien artean «Batasuna» auzian auzipetutako Rufi Etxeberria, Udalbiltzakoan auzipetutako eta herriko alkate ohi Xabier Iragorri, edota gazte independentisten kontrako eskualdeko sarekadan atxilotutako gazteak.

Datorren abenduaren 9an Madrileko Auzitegian Zugaitz Izagirreren kontrako epaiketa hasiko dela-eta, mobilizaziora deitu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo