Esne Beltzak «Esne Zopak» eman ditu, eta baserriz baserri banatu, «Esnesaltzailearena» eginez
Xabi Solano eta lagunek aspaldiko trikitilariak omendu eta antzinako moldeko trikiti kantuak bildu dituzte «Esne Zopak» egitasmoan, eta «Esnesaltzailearena» filma sortu, Ana Elordi eta Mikel Laskurainekin.
A. BILBAO | BILBO
Trikitilaria da Xabi Solano, baina gaur arte, egitasmo mordo batean soinu txikia lagun izan badu ere, ez zuen trikitixa lan bat emana. Eta orain, Esne Beltzak taldeko kide dituen DZ disko-jartzailea eta Jonmari Beasain gitarra-jotzailea panderoan lagun dituela, «Esne Zopak» lana argitaratu du Gaztelupeko Hotsak zigiluan, «trikitilari zaharrak omendu eta kantuak molde tradizionalean jota» -iragan mende hasierako soinuak erabili ditu Solanok-.
Lana ez da Esne Beltzak taldearen bigarren disko bat, beraz. «Egun taldeek trikitixa modernoago batera jotzen dute, aiton-amonen trikitixa ahaztuta». Horregatik, lana burutzeko, makina bat trikitilari nagusirengana jo eta lekukotzak jaso dituzte Solano eta lagunek, «Esne Zopak» mamitzeko. Gainera, disko-jartzaileak koloreztatu egiten ditu molde zaharreko kantuak, uztarketa bitxia sortuz.
Lana bikoitza da. Alde batetik soinua dakar, aipatu antzinako moldean emandako kantuekin. Eta bestetik irudia. Honetan, abestiak aipatu lekukotzekin lotzeko, «Esnesaltzailearena» film laburra sortu du Solanok Edu Glez zuzendariarekin batera, Mikel Laskurain eta Ana Elordi antzezleen laguntzarekin.
«Esnesaltzailearena» laburrak Esne Beltzak taldearen lehen diskoa ixten zuen izen bereko kantua du ardatz. Eta beronen bitartez, «Esne Zopak» laneko kantuak eta trikitilari nagusien kontuak tartekatzen dira. Kontu hauek kantu bihurtzea, berriz, eta hitzei dagokienean, Txuria -Jon Garmendia-, Iker Zubeldia eta Jon Maia bertsolarien lana izan da.
Behiak jetzi eta baserriz baserri dabiltzala, sagardotegi batera helduko dira Laskurain eta Elordi, eta «Esne Zopak» egitasmoko musikari protagonistak topatuko dituzte bertako jaian, jo eta su.
Horrez gain, eskaintza borobiltzeko, Esne Beltzak taldearen kantu berri bat du opari lanak, iragan uda hasieran Japoniara egindako bidaiaren irudiak tarteko.
Ardo zopak
Gaztelupeko Hotsak zigiluak gainera, «Esne Zopak» ardoz laguntzeko asmoarekin edo, Artuke errioxar bodegarekin bat egin eta Esne Beltzak taldearen ardoa aurkeztu du, Durangon dastagai izango duguna.
Esne Beltza taldearekin hirurogeita hamar kontzertu inguru eskaini ostean eta bigarren disko baten prestaketetan hasiak, Xabi Solano, Jonmari Beasain eta DZk zuzenean aurkeztuko dute «Esne Zopak» egitasmoa hiruzpalau hitzordutan. Lehena Madrilen izango da, eta ondoren helduko dira Durangoko Ahotsenean izango dena, abenduaren 6an, eta Zarautz zein Zaldibiakoa.