GARA > Idatzia > Kultura

Xabinaitorren hirugarren abentura alea kaleratu du Patxi Gallegok

p050_f02_088x124.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Pasa den astean Gorringo taldeak taularatu zuen Xabinaitor protagonista zuen antzezlana. Patxi Gallego marrazkilariak aurreko urteetan argitaratutako bi aleetan oinarritutako antzezlana izan zen hura baina, komikiak paperean behar du bizi, eta hirugarren alea, hirugarrena eta azkena, plazaratu berri du sortzaile errenteriarrak Elkar argitaletxearekin.

2004an kaleratu zen «Pololoak-Poxpolinen lurrina», Xabinaitorren lehen abentura. Nobela grafiko bat kaleratzen zen lehenengo aldia zen hura eta Euskal Herriko hainbat topiko eta kontraesanen gainean umorez jarduten zuen, gainera. «Horrez gain, sexuari buruzko halako ikuspegi alai eta lotsagabe bat ageri zuen», esan zuen Xabier Mendiguren editoreak.

Handik bi urtera, 2006an kaleratu zuen Patxi Gallegok gure super-heroiaren sortako bigarrena: «Pololoak 2-Poxpolinaren bahiketa», aurrekoaren dohainak izateaz gainera, berrikuntza nabarmenak ere bazekartzana: komikiaren alderdia garatuago zuen, marrazki-teknika landuagoa, eta zale zaharrik galdu gabe berriak bereganatu zituela esan daiteke.

Hirugarren alean, «Pololoak 3-Atxeritoko balada»n, aurreko bien jarraipena ikus daiteke. Labetik atera berria -duela bi aste eskas amaitu zuen azken lan honekin-, Xabinaitorren abenturei amaiera eman nahi izan die bere egileak, aldaketa batzuekin, hori bai. Esaterako, istorioa bera luzeagoa da, 240 orrialde ditu -hiruetan luzeena da-. Bestalde, kolorearen erabilera ere azpimarratzekoa da: lehen liburuan txuri-beltza zen nagusi; bigarrenean kolorezkoak ziren pasarte batzuk, eta oraingoan orrialde guztiak egin ditu koloretan, akuarela abilki erabiliz.

Pertsonalagoa

Horrez gainera, egilearen agerpena azpimarra liteke (bere kezka eta zalantzen berri emanez), zertzelada soziologiko zorrotz bezain barregarrien agerpena (80ko hamarkadako janzkeraz, emakume tenislariez eta abar); film kuttunen erabilera («Belle de jour», «The Ballad of Cable Hogue»), eta beste hainbat xehetasun.

Gallegoren arabera, Xabinaitorrek lehenengo pertsona baliatzen du hitz egiteko, baina, funtsean, idazlearen nortasun eta nahiei egiten die erreferentzia.

Askoren pozgarri ez ezik erreferentzia izatera iritsi den trilogia baten amaiera da beraz liburu hori, eta pertsonaia maitagarri multzo baten agurra: Xabinaitor-Xabi Lizuniaga, Kariñe, Mari, Aldanondo eta Kortaja, Mayor Oreja eta bere sardinzarrak, Xabiren gurasoak, eta, batez ere, Euskal Herriko poxpolinak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo